Pedro Sanchez Espainiako presidenteak jarduera ez funtsezkoa gerarazteko neurria jakinarazi ostean, EAJk bere sorpresa erakutsi du sare sozialetan, aurkako jarrera berrestearekin batera.
Gaztelaniaz bakarrik idatzitako txio haria publikatu dute jeltzaleek. Ondorengoa diote, hitzez hitz:
"EAJtik gure harridura adierazi nahi dugu Espainiako Gobernuak "funtsezkoak ez diren jarduera" guztiak geldiarazteko neurria hartzeko eta jakinarazteko izan duen moduagatik, horiek zeintzuk diren zehaztu gabe eta oinarrian dituen adituen irizpideak zehaztu gabe.
Joan den asteazkenean Diputatuen Kongresuan #COVID19ren aurkako neurri sorta bat bozkatu zen, eta egun hartan esan zen neurri hori ez zela beharrezkoa.
Atzo, Espainiako Gobernutik ziurtatu ziguten neurri hori ez zela hartuko. Gobernuko zenbait esparrutatik gainera, eskatu ziguten gobernuari babesa adierazteko jarrera hori defendatzen zuenean. Gaur, harrigarria bada ere, irizpidez erabat aldatu dute.
Erabaki hori nola hartu den ere ez dirudi oso onargarria. Dakigunez, iragarri baino minutu gutxi lehenago izan dute gizarte eragileek neurriaren berri.
Berriro ere presidente autonomikoekin bideokonferentzia egin aurreko egunean iragarri dute garrantzi handiko neurri bat, eta garrantzi handiko erabaki horren berri hedabideetatik eman dute.
Ez dugu ezkutatuko gure kezka aldebakartasun handiegiagatik, eta leialtasun osoz jokatzen ari garen erakunde, eragile eta alderdiekiko Espainiako Gobernuak duen errespetu eta komunikazio faltagatik. Ez dugu egoki ikusten jarrera hori.
Neurria, berez, xehetasunez ezagutzen dugunean baloratuko dugu, bereziki "funtsezkoa ez den jardueraren" benetako eragina, gaur milaka euskal herritarrek egiten duten galdera baita".