argia.eus
INPRIMATU
GarbiƱe Aranburu, LAB
“EAJk autogobernuaz egiten duen defentsa bakarra patronalaren interesak defendatzeko da”
  • Espainiako Gobernuak lehentasunezkoak ez diren jarduera guztiak eteteko hartu duen erabakiari buruzko lehen balorazioa egin du bideo konferentzia bidez Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak, martxoaren 29 goizean.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 29a

Iragarri du xeheki irakurriko dutela Espainiako Ministroen Kontseiluak martxoaren 29an erabakiko duen enpresen zerrenda zehatza, "ez genuke nahi salbuespenez betetako zerrenda izaterik nahi". Baina testu definitiboa publiko egin baino lehen, balorazio hau egin nahi izan du publiko LAB sindikatuak eta hiru puntu nagusi azpimarratu ditu.

"Erabaki hau lehenago hartu balitz, ez leudeke hainbeste kutsatu eta hildako"

LABeko idazkari nagusiak adierazi du oinarrizkoa ez den jarduera ekonomiko ororen etetea "beharrezko neurria" dela, "baina lehenago hartu behar zen". "Bi aste baino gehiago daramatza sindikatu honek neurri hau eskatzen. Lehenago hartu balitz, ez lirateke hainbeste pertsona kutsatuta egongo eta hildako kopurua ez zen hain altua izango".

Salatu du bi aste hauetan langileen osasuna arriskuan jarri dela eta gainera askok "beharrezko babes neurririk hartu gabe joan behar izan dute lanera. Beraien ingurukoen osasuna ere arriskuan jarri dute".

Erabakia atzeratu izanaren erantzuleak eta motiboa seinalatu ditu: "Erabaki hau denboran hainbeste atzeratu bada, izan da bai Espainiako Gobernuak, bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Nafarroako Gobernuak patronalaren interesak hobetsi dituztelako. Patronalei kasu egin diete. Kapitalaren interesak osasunaren gainetik jarri direlako atzeratu da erabakia eta hau arduragabekeria handia da".

"Mallot horia daramana zalantza gabe EAJ da" gaineratu du: "Erridikuluan geratu da, berriz ere patronalaren hain menpeko agertzeagatik. Autogobernuaz egiten duten defentsa bakarra patronalaren interesak defendatzeko egiten du".

"Oinarrizko zerbitzuetan langile gehiago behar dira eta behar besteko neurriekin"

Oinarrizko zerbitzuetan lanean ari diren langileen egoera azpimarratu du, "gehienak emakumeak: mediku eta erizainak, helduen egoitzetako langileak, garbitasun zerbitzukoak, etxez etxekoak... inoiz baino gehiago ikusten dira azken urteetako erabakien ondorioak eta miseriak agerian geratzen ari dira: zaintza lanak behar bezala ez konpontzearen ondorioak, zerbitzu publikoa pribatizatzearena, zerbitzu publikoetako murrizketena... behar bezalako babes neurriekin lan egin dezatela eskatzen dugu, beraien eta ingurukoen osasuna arriskuan arri gabe. Eta behar beste langile jartzea eskatzen dugu, gehaigo behar dira". Ohartarazi du kontuan hartu behar dela "zer nolako karga emozionalekin ari diren lanean".

"Ez dugu ontzat emango krisi honen kostu guztia langileongan erortzea"

Aranburuk oroitarazi du Sanchezek atzo iragarritako neurrien arabera, langileek bi aste hauetan egingo ez duten lana konfinamendua bukatu ostean berreskuratu beharko dutela. "Ez dugu ontzat emango krisi honen kostu guztia langileongan erortzea. Ordaindutako baimen bat ematea, gero langileek errekuperatu beharreko lanorduekin, hori pisu guztia langileen bizkar jartzea da".