EAJ izan da lehen indarra Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundietan. Hiruetan egin du gora boto kopuruan, 2015arekin alderatuta: Araban ia 13.000 bozka irabazi ditu, Gipuzkoan 18.000 boto inguru gehiago lortu ditu eta Bizkaian indartu du gehien aldea, 43.000 boto inguru gehiago aterata.
PSEk ere gora egin du, nahiz eta hirugarren indarra den hiru lurraldeetan: Araban bera izan da gehien hazi dena, bost batzarkidetik hamarrera pasatuz. Bizkaian bat igo eta zortzi batzarkide izatera igaro da. Gipuzkoan mantendu egin ditu bederatzi ordezkariak.
Gobernatzeko ahalari begira, Bizkaian EAJk gehiengo osoz gobernatzeko batzarkide bakarra falta du, Gipuzkoan sei eta Araban bederatzi. PSE-EEk baditu horiek eta gehiago.
EH Bilduk ospatzeko motiborik bila dezake hiru lurraldeetan bigarren indarra izan delako eta jasotako boto kopuruan gora egin duelako. Gipuzkoan 13.000 boto gehiago eskuratu ditu 2015ean baino. Bizkaian 10.000 boto egin du gora, baina batzarkide bat gutxiago izango du. Araban 1.000 boto gehiago lortu ditu, bigarren indarra bihurtuz.
Koalizio independentistak gobernatzeko ahala galdu egin du ordea 2015arekiko, hiru Aldundietan: Araban batzarkide bat gehiago izanik ere (12), EAJk berarekiko zuen aldea handitu egin du ordezkaritzan. Zer esanik ez Bizkaian. Gipuzkoan EH Bilduk zituen 17ak mantendu ditu, baina EAJk bi gehiago eskuratu ditu, bi indarren arteko aldea handituz. (Aldundietako informazio osoa hemen).
Hauteskunde kanpainan irudikatu den EAJren eta EH Bilduren arteko lehia eta lurralde batzuetan parekotasuna, benetakoak ziren edo sustatutako irudikapenak? EAJ are indartuago atera baita errealitatean, eta ez hori bakarrik, gora egin du gobernatzerakoan sozio duen PSE-EEk ere. Beste aldean dago Elkarrekin Podemos, zeinak Araban eta Gipuzkoan batzarkideen erdiak galdu dituen, eta Bizkaian mantendu egin den.
EH Bilduk 2015ean baino askoz ere orokorragoa egin du kanpaina, lurraldeetako gatazka zehatzei –erraustegia adibidez– eta EAJrekiko talka aurrez aurre egiteari iskin eginez. EH Bildu koalizioa osatzen duten sektore bakoitzak bere jarrera indartzeko irakurketari hel diezaioke orain: botoetan gora egitea lortu dutenez komunikazio kanpaina (eta bide batez ildo politiko) egokia burutu dutela esan dezakete batzuek; besteek esan dezakete botoetan gora eginagatik EH Bilduk gobernatzeko ahala galdu duela, EAJk lideratzen duen eredua indartzen doala eta eredu hori bera kuestionatzeko bestelako kanpaina (eta bide batez ildo politiko) behar dela. Baina zein da EH Bilduren helburua? Botoak irabaztea edo herri hau burujabetza eta ezkerreko balioen arabera praktikan aldatzea?