argia.eus
INPRIMATU
EAJ-PP arteko akordioak ez ditu pentsionisten aldarrikapenak isildu
  • Indar erakustaldia egin zuten pentsionistek beste behin Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Milaka pertsona bildu ziren PPk eta EAJk hitzartutako igoera nahiko ez zela izan aldarrikatzera. Maiatzaren 26rako ere mobilizazioak iragarri dituzte.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko maiatzaren 07a
Gasteizko manifestazioa. Irudia: Hala Bedi

Milaka lagun atera ziren kalera euskal hiriburuetan pentsio justuak aldarrikatzera. “Bataila hau irabazi egingo dugu” izan zen hiru manifestazioetan errepikatu zen mezu nagusia. Espainiako Gobernuak 2018rako prestatutako aurrekontu proiektuak atzera ez botatzearren truke, bi urtez pentsioak KPIaren arabera igotzea hitzartu zuen PPk EAJrekin (%1,6 aurten; %1,5 2019an), baina hori ez dela nahikoa aldarrikatzeko atera ziren berriro kalera.

33.000 lagun bildu ziren Bilbon, 15.000 Donostian eta 20.000 Gasteizen. Ekimen arrakastatsuak izan zirela berretsi dute hiru probintzietako pentsiodunen elkarteek. Aurrera pausoa onartzen dute, baina inondik inora ez dute nahikotzat jotzen bi alderdiek adostu dutena. Kalean eginiko presioak balio izan diela azpimarratu zuten Bilbon amaierako ekitaldian eta helburua lortu arte bertan jarraituko dutela nabarmendu zuten. Hiru izan ziren aldarrikapen nagusiak: pentsioak KPIaren arabera igotzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak, eta azken boladako erreformak deuseztatzea. Eskaerok bete ezean, astelehenero kalean biltzen jarraituko dute.

Pentsiodunen aldeko oihuak eta ustelkeriaren aurkako leloak entzun ziren gehien Bilboko manifestazioan. Udaletxeko plazatik Jesusen Bihotza plazaraino egin zuten ibilbidea. “Pentsio gehiago, lapur gutxiago”, “pentsiodunak, aurrera”, “urratsik ez atzera” eta “emakumeak aurrera” izan ziren bozgorailuetatik eta megafonoetatik oihukatutako mezuak.