EAJ eta PSE-EE arteko balizko akordioak gidatuko du Bizkaiko udalen gehiengoa

  • EAJ eta Bizkaia sinonimo dira askorentzat, Euskal Herriko mendebaldean jeltzaleen nagusitasuna erabatekoa izan baita. Azken hauteskundeek egoera hori berretsi baino ez dute egin. Ahal Dugu-rekin lotutako hautagaitzen eta Irabazi-ren etorreraz gain, aipagarria da EH Bilduk 2011n emandako pausuak berriz atzera egin izana. Herri gehienetan galdu ditu bozak koalizio abertzaleak, bere lidergoa, nagusiki, Bizkaiko mendebaldera murriztuz. Sozialistek Ermua eta Portugalete baino ez dute mantendu, eta PP Getxon –eta neurri batean Bilbon– izan ezik marginalitate politikora doa galgarik gabe.


2015eko ekainaren 10an - 08:04

Bilbo EAJ (-2) EHB (=) PSE-EE (=) PP (-2)

Iñaki Azkunarik gabe ere EAJren gotorleku dela berretsi dute emaitzek. 2 zinegotzi galdu dituzte jeltzaleek eta beste bi popularrek. Haien arteko liskarretan murgilduta egon diren Udalberri eta Ganemos hautagaitzek eskuratu dituzte eserleku horiek. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburu ohi Juan Maria Aburto izango da Bilboko alkate berria.

 

Ezkerraldea

Langile klaseko jendeak, nagusiki, osatutako eskualdea sozialisten gotorlekua izan da historikoki. Baina azken hauteskundeetan, ordea, PSE-EE-k Portugaleten baino ez du lehen indarra izatea lortu. Jeltzaleek eta herritarren hautagaitza berriek jaso dute besteek galdutakoa.

- Sestao EAJ (+5), PSE-EE (-5), EHB (-1), PP (-1)

Emaitza historikoak lortu ditu euskal eskuinak Euskal Herriko langabezia eta prekaritate daturik okerrenak dituen herrian: bozen %33tik %51era pasa da 4 urtean. Xenofobia eta arrazakeriarekin lotutako salaketek Josu Bergara jeltzalearen posizioa baino ez dute indartu eta hala, beste lau urtez izango da alkate.

 

- Barakaldo EAJ (+1), PSE (=), EHB (=), PP (-2)

EAJ eta PSE-EEren arteko aldea 72 botokoa besterik ez bada ere, sozialisten beherakadaren erakusgarri mingarria izan da Bizkaiko bere plaza nagusian bigarren lotzea. Aldaketa ikusteko dago, ordea. Izan ere, sozialisten eta jeltzaleen arteko negoziazioetan Barakaldoko alkatetzaren karta erabil lezake EAJk beste zerbaiten truke.

 

 - Portugalete PSE-EE (+1), EAJ (-1), EHB (=), PP (-2)

PSE-EEk Bizkaian, Ermuarekin batera, mantendu ahal izan duen plaza bakarra. Sozialisten beherakada orokorrari Portugaleten eutsi izana berriz alkate izango den Mikel Torres hautagaiari zor diote hein handi batean. PPk ia bozen erdia galdu du.

 

 - Santurtzi EAJ (-2), PSE (-1), EHB (=), PP (-1)

EAJk 2 zinegotzi galdu baditu ere, ez du arazorik izango berriz alkatetza eskuratzeko. Podemos-Ahal Dugurekin lotutako hautagaitza, Bilbo aldean lortutako emaitza onen bidetik, bigarren indar gisa sartu da Santurtziko udaletxean, .

 

Getxo EAJ (-1), PP (-4), EHB (=), PSE-EE(=)

Bigarren indarrarekiko aldea handitu du EAJk, zinegotzi batetik laura handituz tartea. Oso adierazgarria da hauteskundeetan lehen aldiz aurkeztu den hautagaitza hirugarren indar gisa satu izana: GUK, Podemos-Ahal dugu-k sustatuta. EH Bildu laugarren indarra izatera pasa da,1.300 boz galduta eta zinegotzi kopurua mantenduta. PPk 5.500 boz inguru eta zinegotzien erdia galdu ditu.

 

Bilboaldeko ekialdea (Basauri, Leioa, Galdakao, Erandio, Loiu, Derio...)

Herri hauetan guztietan orain lau urteko emaitza onak berretsi ditu EAJk eta gehiengoa ez duen udaletan, PSE-EEren babesari esker berriz izango du alkate makila. Herri handietan, Leioan eta Galdakaon kasu, EAJk handitu du EH Bildurekiko aldea; Podemosekin lotutako zerrendek kalte egin diote koalizio abertzaleari. Aipagarria da PSE-EEren galera Basaurin. Ia bozen erdia galdu dute sozialistek.

 

Durango EAJ (=), EHB (+1), PSE-EE (-1), PP (-1)

Hauteskunde kanpainan EH Bilduk alkatetza lortzeko aukerak azpimarratu zituen, baina jeltzaleekiko aldea murriztu badute ere, EAJk berretsi du lidergoa. PSE-EE eta EAJren batuketa EH Bildu eta SQ-2D hautagaitza berriaren kopuru bera da; halere PPren zinegotziak alkatetza eskuinera eramateko aukera izango du. EH Bilduk alkatetzarako bere hautagaitza aurkeztuko duela iragarri du.

 

Zornotza EAJ (=), EHB (-1), PSE-EE (-1)

PSE-EEren zinegotzi bakarraren babesak emango lioke EAJri berriz alkatetzan mantentzeko aukera.

 

Gernika EAJ (+6), EHB (-6)

Agintean egon den alderdia aldatuko da, baina alkatea ez. 2011n gehiengoa lortu zuen EH Bilduk eta aurten EAJ izan da garailea. Kasu bietan, ordea, Jose Maria Gorroño nagusitu da. EA utzita – eta beraz EH Bildu– EAJren izenean aurkeztuta irabazi ditu hauteskundeak Gorroñok.

 

Bermeo EHB (-2), EAJ (-1)

Bizkaian EH Bilduk mantendu duen plazarik garrantzitsuenetako bat. 2 zinegotzi galduta (1.200 boz gutxiago), lehen indarra da gaur egun ere. EAJk zinegotzi bat galdu du (900 boz gutxiago), EH Bilduren eserlekuak berdinduz. Guzan izeneko herritar plataformaren esku dago alkatea kolore batekoa edo bestekoa izateko ardura.

 

Ermua PSE-EE (-1), EHB (=), EAJ (+1), PP (-2)

PSE-EEk galera orokorrari eutsi dio eta lehen indar gisa mantendu da. Halere, EAJren 3 zinegotzien babesa nahikoa litzateke atzera ere Ermuan alkate sozialista izateko.

 

Bakio EAJ (-1), EHB (-1)

1979tik hona lehendabiziko aldiz jeltzalea ez den udal gobernua izango dute Bakion. EH Bilduko Amets Jauregizar alkate izango da, Bakio Bai hautagaitzak babesa emango diola adierazi du eta.

 

Lekeitio EAJ (+2), EHB (-2)

114 bozen aldeak EAJren alde paratu du balazta. EH Bilduren jaitsiera ikusgarria izan da: 800 bozka galdu ditu 2011tik hona. Ondarroan ere EH Bilduren galera oso handia izan da (1.200 bozka gutxiago) baina gehiengoa mantentzea lortu dute. Zortzi zinegotzi EH Bilduk eta EAJk bost.

 

Elorrio EHB (=), EAJ (=), PP (-1)

2011n PPren zinegotzi bakarrak eman zion alkatetza EAJri, bigarren indar bozkatuenari. Horrek polemika handia piztu zuen herrian. Aktoreak aldatuta, aurten ere zeresana izango da. Izan ere, EH Bilduk EAJk baino 246 bozka gehiago lortu baditu ere, ordezkaritzan berdinduta daude. Podemos/Ahal Dugu-k babestutako Herriaren eskubidea (SQ-2D) plataformaren zinegotzia erabakigarria izango da. PPk ordezkaritza galdu du.

 

2015eko Bizkaiko udal hauteskundeen emaitzen mapa interaktiboa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2015
Uxue Barkos
"Nafar gizartean aldaketa sakona gertatu da"

Nafarroako Parlamentuko zarata politikotik at, Uxue Barkos lehendakariak gizartea lasai dakusa. “Kalera ateratzen bazara, jendea lasai ikusten duzu, lasaitasunez hartzen dute azken lau urteotan  gizartean gertatu den aldaketa sakona”, adierazi du Barkosek,... [+]


2018-12-14 | Mikel Asurmendi
Aldaketaren aldeko politika gauzatzen jarrai liteke Nafarroa Garaian

Nafarroako Foru hauteskundeak maiatzean izanen dira. EiTB Focusek egindako inkesta baikorra da oro har, gaur egun, Nafarroako Gobernuan ari den koalizioarentzat. Iruñeko Udalean ordea, egungo gobernuaren jarraipena kolokan liteke.


Ahal Duguko zuzendaritzaren kontrako bide legalak hartuko dituela iragarri du Laura Perez parlamentariak

Nafarroako Ahal Duguko bozeramaile ohiak bere kontra abiatutako prozesua salatu, eta aldaketa arriskuan ez dagoela azpimarratu du.


2017-10-12 | Andoni Mikelarena
'Euskara Ofiziala Nafarroa Osoan' kanpaina abiatu du Kontseiluak

Eremu mistoko hainbat herritan egingo dute kanpaina. Herritarrak instituzioei zonifikazioarekin amaitzeko eskabidea egitera bultzatu nahi dituzte.


2017-09-06 | Guaixe .eus
Nafarroako Parlamentuak Altsasuko auziko fiskaltzaren eskaerarekin "erabateko desadostasuna" azaldu du

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak ferietako liskarragatik auzipetutako gazteen kontra fiskaltzak egindako zigor eskaeren aurka egin du.


Eguneraketa berriak daude