Agertoki berria aintzat hartuta, EAErako dituen aurreikuspen ekonomikoen berri eman du Eusko Jaurlaritzak. 2020an Barne Produktu Gordina %8,7 jaistea aurreikusten du. “Oso egokera ekonomiko zaila dugu aurrean”.
Lanaldi osoko 69.000 lanpostu galtzeak esan nahi du %7ko beherakada aurreikusten dela eta langabezia-tasa %13,7ra iritsiko dela EAEn. Hurrengo urtean, baina, %6,7ko hazkundea espero du Jaurlaritzak Barne Produktu Gordinean eta 47.000 lanpostu inguru berreskuratu ahalko direla uste du. Hala, 2021ean %12,2ko langabezia-tasa izango luke EAEk.
Jaurlaritzaren arabera, bai kontsumoak bai inbertsioak jaitsiera handiak izango dituzte aurten. Urruntzeko, konfinatzeko eta merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduak ixteko neurriek eragin zuzena izango dute familien kontsumoan, eta kontsumo horrek batez beste urteko %10,5 inguru egingo du behera. Eskariaren parte bat galdu egingo da, ezin delako atzeratu, baina beste parte bat 2021ean berreskuratuko da.
Kaltetuena, zerbitzuen sektorea
Esportazioak eta inportazioak ere nabarmen jaitsiko dira ekitaldi honetan. “Eta zalantzarik gabe, zerbitzuak izango dira pandemiak eta pandemia kontrolatzeko hartutako erabakiek gehien kaltetutakoak”.
Diru publikoaren beharra
Egoerari aurre egiteko, “ezinbestekoa bilakatuko da aurten administrazio publikoen gastua nabarmen handitzea”. Hala, Foru Aldundiekin eta Eudelekin lanean ari dela iragarri du Jaurlaritzak. “Une honetan lantzen ari den hipotesia da diru-bilketak izango duen jaitsiera %18 ingurukoa izango dela”.
Zerbitzu publikoak aurreikusita zeuden bezala ematea bermatzen duten likidezia-mailak dituztela adierazi dute gobernutik.
Gogoratu dute, baita ere, inportantea izango dela ikustea zein neurritan erabiliko dituen erkidegoak pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko Europak emango dituen dirulaguntzak.