argia.eus
INPRIMATU
EAEkoak diren preso guztiak gerturatzeko eskatu dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari
  • Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari idatziz eskatu dio EAEkoak diren preso guztiak bertako kartzeletara ekartzeko. 327 preso izango lirateke, Eusko Legebiltzarrak egindako txostenaren arabera. Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubide, Elkarbizitza eta Kooperaziorako idazkari nagusiak baieztatu du eskaria astearte honetan.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 26a
Jonan Fernandez Radio Euskadin.

Maiatzaren 11n EH Bilduk,  EAJk, UPk, ERCk, JxCatek, Más Paísek, CUPek, BNGk eta Compromisek eskari bateratua egin zuten Espainiako Kognresuan preso dauden pertsonentzat bestelako neurriak eskatuz, kaleratzea edo hurbiltzea, besteak beste. Orain berriz, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu dio EAEkoak diren presoak euren etxetik gertuen dauden espetxeetara ekartzeko.

Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubide, Elkarbizitza eta Kooperaziorako idazkari nagusiak baieztadu du berria: idatziz eskatu diote Pedro Sanchezen exekutiboari Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako presoen hurbiltzea. 327 pertsona dira, horietatik 200 baino zertxobait gutxiago Euskal Preso Politikoen Kolektibokoak (EPPK).

Espainiako Gobernuari egindako eskarian, COVID-19ak eragindako egoera berria azpimarratu du Jaurlaritzak, osasun-larrialdia hainbat hilabetez luzatuko dela kontuan izanda presoek eta haien senideek lehen baino are zailtasun handiagoak bizitzen ari baitira.

Astearte goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketan Fernandezek azaldu du EAEtik kanpoko kartzeletan dauden preso horien familiek kilometro asko egin behar dute euren senideak ikusteko. "Testuinguru normal batean ere zalantzan jartzeko moduko zerbait da eta osasun publikoaren ikuspegitik ez da batere gomendagarria pandemiaren eta pandemia-ostearen testuinguru batean", Fernandezen arabera.

Basaurin, Martutenen eta Zaballan bilduko lirateke EAEra hurbildutako presoak, Espainiako Gobernuak Jaurlaritzaren eskariari men egingo balio.