EAEn herritik herrirako mugikortasuna murrizteaz gain, bilerak lau pertsonetara mugatuko dira, izan leku itxietan edo aire librean. Neurriak agintzen duen dekretua larunbatean atera da eta astelehenetik aurrera indarrrean sartu da.
Neurriok ostiraleko bileran erabaki ditu Labik, Babes Zibileko Planaren Batzorde Teknikoak. Kutxatze kasuak gora egiten ari direla eta egoera okerragoak saihesteko ezinbestekoak direla jakinarazi du Gotzone Sagardui Osasun kontseilariak.
Neurriak indarrean egongo dira gutxienez otsailaren 13ra arte. Debekatuta dago udalerritik irtetea, ezingo da aldameneko udalerrira ere joan. Ikasketengatik, lanagatik, osasun arrazoiengatik, haur zein helduen zaintzagatik edota behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoiengatik baino ezingo dira herritarrak atera eta sartu herrietan. Ezingo da arrazoi sozioekonomikoengatik mugitu.
Etxeratze aginduari dagokionez, 22:00etan geratuko da, orain arte bezala. Zalaparta egon da gai honen inguruan, Jaurlaritzak eta beste erkidego batzuek aurreratu nahi zutelako, baina Espainiako Gobernuak onartu ez duelako. Jaurlaritzaren ustez, "aukera bat galdu da adostasunaren bidez aurrera egiteko eta autonomia erkidego guztien artean adostutako prebentzio-neurri berriak hartzeko, Estatu osoko kasuen hazkunde-egoeran 'zirkuitulabur efektua' eragiteko". Horrez gain, Labi-ren esanetan, "gaueko jarduera mugatzeko ordutegia aurreratzeko aukerarik ez izateak esku hartzeko gaitasuna murrizten digu. Egiaztatu ahal izan dugu neurri horrek emaitza onak izan dituela hartu den Frantziako Departamentuetan".
Ostalaritza eta jatetxeak ixteko ordutegia 20:00etatik 06:00etara izango da. Dendak 20:00ak arte irekita egon ahal izango dira. Saltoki handiagoak eta kultur jarduerak 21:00ak arte egon ahal izango dira zabalik. %40ko aforoarekin 150 m2 baino gehiagoko merkataritza-establezimenduetan, eta %60koarekin 150 m2 arteko azalera dutenetan. Kultur-aretoetako gehieneko edukiera %35 izango da. Musika- eta ahots-entsaioak eta emanaldiak bertan behera uzten dira.
Murrizketa neurri gehiago ere aurreikusi dira eta 5.000 biztanletik gorako herrietan, 100.000 biztanleko 500dik gorako kutsatze langa gainditzen duten udalerrietan ostalaritza itxi egingo da, salbu eta ostatu, hotel, gasolindegi eta zerbitzuguneetako jantokietan. Udalerri hauetan talde kirol jarduerak ere eten egingo dira.