Gogora Memoriaren Institutuak 18 proiektu abiatuko ditu urte honetara eta hurrengora begira. Erakundeetako ordezkariak eta adituak bilduko dira astelehenean egitasmoa martxan jartzeko. Hiru bloketan banatuko da: lehen proiektuek erakundearen egitura sendotzea izango dute helburu, bigarrenek memoria historikoa lantzea eta azkenek memoria hurbila.
Aintzane Ezenarrok zuzentzen duen institutuak, lehen fasean sei proiektu aurkeztu ditu. Bigarrenean memoria historikoa lantzeko beste sei proiektu: frankismoko biktimei arreta zerbitzuak, gorpuen bilaketa eta hobitik ateratzea, eta sinbologia frankista erretiratzea besteak beste.
Hurbileko memoria landuko dute gainontzeko sei proiektuek: ETA, GAL, eskuin muturra eta polizia gehiegikerien biktimen ingurukoak. Biktimen eta euren familien testigantzak biltzea dute helburu, ostean Memoriaren Institutuan gordetzeko. Momentuz, Eusko Jaurlaritzak 100 bat testigantza bildu ditu biktimen arreta pertsonalizatuko Gertu kanpainaren baitan. Eusko Jaurlaritzaren egitasmoak terrorismoaren biktimen testigantzak baino ez ditu bildu (ETA, GAL eta BVE); alabaina, institutuak biktima gehiagoren testigantzak biltzeko helburua du.
Gainera, alderdien arteko elkarrizketa eskatzen duen Eraikiz dinamika ere babestuko du Memoriaren Institutuak. Dinamika honek osatutako biktimen mapak institutuaren eskuetan geratuko dira.
Egitasmoaren aurkezpenarekin eta zuzendaritza taldearen eraketarekin abiatuko da Gogora. Institutuaren burua Iñigo Urkullu lehendakaria izango da eta Aintzane Ezenarrok zuzenduko du. Zuzendaritza batzordea bestalde, hemezortzi kidez osatua egongo da: bost Eusko Jaurlaritzak hautatuak, lau Eusko Legebiltzarrak, hiru aldundiek, hiru Eudelek eta hiru independente gisa (Mikel Mancisidor, Francisco Etxeberria eta Jesus Loza).
Gogorak artxibo bezala funtzionatzea du helburu. Ikerketa lanak egin, hauen berri eman, eta heziketa eginkizunak hartuko ditu beregain. Institutuaren nahia da herri bakoitzean memoriaren argazkia osatzea. Aurkezpenean, 2015 eta 2016rako egitasmoaz gain, estatutuak eta 2016ko aurrekontuak aurkeztuko dira. Printzipioz, ez dute eztabaidatuko Memoriaren egunaren inguruan.