Arnaldo Otegi Logroñoko espetxetik irteteko bezperan Elgoibarkoari buruzko artikulua kaleratu du New York Times berripaper estatubatuarrak. Otegik idatziz igorritako adierazpen batzuk aipatzen ditu bertan; horietan, EAEko lehendakarigai izateko EH Bilduren barne prozesuan bere burua aurkezteko asmoa agertu du Bateragune auziagatik espetxeratutako ezker abertzaleko liderrak. Prozesu hori martxoan egingo dela aurreikusita dago.
Sei urte eta erdiko zigorra bete ostean askatu dute gaur Otegi. Kartzelatik irteteko ordu zehatza ez da ezaguna, baina hainbat hedabidek goizeko 8:00etatik aurrera zuzenean erakutsiko dute Logroñoko espetxeko ate aurrean gertatzen dena. ARGIAren bitartez ere une hori ikusteko aukera izango da, Hamaika Telebistaren seinaleari esker.
Arratsaldeko 18:30ean lehen omenaldia egingo zaio Otegiri jaioterrian, Elgoibarren. Horrez gain, haren omenezko ekitaldia deituta dago larunbaterako Donostian, Anoetako belodromoan. Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak eta AVT elkarteak ekitaldiok debekatzeko eskatu zuten, baina Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak ez ditu aintzat hartu eskariak. Hala ere, Otegiri egiten zaizkion omenaldiak gertutik jarraituko dituztela iragarri du Velascok.