argia.eus
INPRIMATU
EAEko lehen fasea zehazten duten arauak argitaratu ditu Jaurlaritzak
  • Adinekoak bisitatzeko EAE barruan mugitu daiteke maiatzaren 11 goizean argitaratutako dekretuaren arabera. Kudeaketa pribatuko kirol zentroei zabaltzeko baimena ematen die baina kudeaketa publikokoek itxita jarraituko dute. Baita kultur azpiegitura guztiek ere.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 11
Kudeaketa pribatuko kirol-instalazioak erabili ahal izango dira, publikokoak ez, itxita jarraituko dutelako.

Iñigo Urkullu lehendakariak sinaturik, dekretua argitaratu du Jaurlaritzak maiatzaren 11ko EAEko buletin ofizialean. Dekretu honek zehazten du nola aplikatuko den "normaltasun berrirako trantsiziorako Planaren 1. fasea, Euskadiko osasun-larrialdiaren bilakaerara hobeto egokitzeko".

Laburra denez, eta herritarrek zehazki zer egin dezaketen eta zer ez jakiteko irizpideak egun batetik bestera aldatzen direnez, bere horretan emango dugu albiste honetan, gaizki ulertuak saihesteko:

Mugikortasuna

1.– Herritarrak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango dira osasun-, lan-, lanbide- edo enpresa-arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia-egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere.

2.– Herritarrak bizileku duten udalerriaren mugartearen barruan mugi daitezke, distantzia-mugarik gabe.

3.– Ohiko joan-etorriak egiten diren udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimentzen da, jarduera sozioekonomikoak egiteko.

4.– Nolanahi ere, osasun-arrazoiak direla-eta, gomendatzen da ahalik eta gehien mugatzea bizilekua dagoen udalerritik kanpoko mugikortasuna.

Kirola eta ariketa fisikoa: kudeaketa pribatuko aire zabaleko instalazioak irekita, publikokoak itxita

1.– Jarduera fisikoa eta kirola egin ahal izango da bizilekua finkatuta dagoen udalerriaren mugartearen barruan eta mugakideetan, betiere osasun-agintariek ezarritako segurtasun-, osasun- eta higiene-neurriak errespetatuz.

2.– Kudeaketa pribatuko aire zabaleko kirol-instalazioak ireki ahal izango dira, eta kirol-instalazioak kokatuta dauden udalerrian edo mugakideetan bizilekua duten herritarrek erabili ahal izango dituzte.

3.– Banakako kirol-jarduera egin ahal izango da, aurrez hitzordua eskatuta eta bizilekua dagoen udalerriaren barruko edo mugakideetako kudeaketa pribatuko kirol-zentroetan.

4.– Kirol profesionala maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 38., 39. eta 40. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da.

5.– Kudeaketa publikoko kirol-instalazioak itxita egongo dira.

Kultur azpiegitura guztiek itxita jarraituko dute

Liburutegiak, museoak eta kultura-ekitaldiak eta -ikuskizunak egiten dituzten lokalak eta establezimenduak itxita egongo dira.

Ikus-entzunezko lanak ekoizteko eta filmatzeko jarduerak maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 29., 30., 31. eta 32. artikuluen arabera egingo dira.