Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.
Duela lau urtetik Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren kartzeletan, Basaurin (Bizkaia), Martutenen (Gipuzkoa) eta Zaballan (Araba) alegia, lanuzte partzial batera deitu du ELA sindikatuak. Ekainaren 9tik 15era bitartean, egunean hiru orduko lanuzteak egingo dituzte kartzelariek, 13:00etatik 16:00etara bitartean.
Hori justifikatzeko, ELAk dio Jaurlaritzak ez dituela bere egin kartzelei begirako erantzukizun batzuk, azpimarratuz %40 egin duela gora preso dauden pertsonen kopuruak eta horrek funtzionarioen baldintzak "andeatu" dituela. Sindikatuak gaineratu du "bete gabe" daudela "295 lanpostu".
Aurreko urtearen amaieran, hainbat hedabidek eta agentek jakinarazi zuten EAEko kartzelarien artean nabarmen egin zuela gora baja kopuruak, eta horrek presoen egoeran izandako ondorioez ohartarazi zuen Tinko antolakundeak. Zaballan, adibidez, bertan behera geratu ziren presoek izan zitzaketen bisitak, eta oinarrizko beste hainbat eskubide ere urratu zizkieten funtzionarioen ezkutuko greba posiblearen eraginez.