argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxistetako umezurtzei laguntza eskainiko die Jaurlaritzaren Berdintasunerako Legeak
  • Laguntza ekonomiko berriak aurreikusi ditu Jaurlaritzak EAEn indarkeria matxistak hildakoen seme-alabentzat, eta sexu-esplotazioaren biktimentzako laguntza arautuko du legearen erreformak.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2020ko urtarrilaren 28a
Josu Erkoreka eta Izaskun Landaida, astearteko agerraldian

Berdintasunerako Legea aldatzeko lege-proiektuak 400 ekarpen baino gehiago jaso ditu. Tartean, indarkeria matxistagatik umezurtz geratuko liratekeen seme-alabei laguntza eskaintza nabarmendu du Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak. Horrez gain, aurreratu du laguntzak izango dituztela baita biktima diren emakumeek ere, ebazpen judizialaren bidez ezarritako kalte-ordainak jasotzen ez dituzten kasuetan.

Lege-proiektua Eusko Legebiltzarrera eraman eta onartzea falta da. Testu berriak gaineratzen du debekatua dagoela pertsonen sexuan oinarritutako bereizkeria oro, eta zehazten du zuzeneko bereizkeria gisa hartuko dela pertsona bat bere sexuagatik edo sexuarekin zuzenean lotutako inguruabarrengatik, hala nola haurdunaldiagatik edo amatasunagatik, beste pertsona bat baino modu txarragoan tratatzen denean.