argia.eus
INPRIMATU
EAEko ikastetxe pribatu eta kontzertatuen gastu eta diru sarrerak eman ditu Eustatek
  • 1.223 milioi euroko gastua eta 1.228 milioiko sarrerak izan dituzte EAEko ikastetxe pribatu eta kontzertatuek 2021ean. Sarrera horietatik 777 milioi euro dirulaguntza publikoak izan dira, Eustatek azaldu duenez.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 29a

469 ikastetxe, 214.000 ikasle eta 21.500 langilek osatzen dute irakaskuntza pribatuaren sarea eta 2021. urteko gastua 2018an baino %4,04 handiagoa izan da, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak aurkeztu dituen datuen arabera. Gastuaren gehiengoa langileetara bideratu da (%77) eta batez ere unibertsitate aurreko irakaskuntzan kontzentratu da gastua (%84); gainerakoa unibertsitate zentroetara (%14) eta arte-irakaskuntza zentroetara (%2) bideratu da.

Ikasleko irakaskuntza-kostua 5.026 eurokoa izan da, 2018an baino %14 gehiago.

Diru sarrerak

Eustaten datuetan ikus daitekeenez, ikastetxe pribatuen sarreren %98,9 sarrera arruntei dagozkie eta horien iturri nagusia dirulaguntza publikoak dira: sarreren %64 (guztira 777 milioi euro). Dirulaguntza publikoek bi puntu egin dute gora, 2018arekin alderatuta.

Familiek ordaintzen dituzten kuotak diru sarrera arrunten %32,7 dira (397 milioi euro).

Diru sarrera orokorren gainerako %1,1a kapital-sarrerei dagokie.