argia.eus
INPRIMATU
EAEko Haur Hezkuntzako bigarren mailan 200 ikasgela itxi dituzte hamar urtetan
  • Jaiotze-tasaren beherakadari lotuta, Steilasko Nagore Iturriozek eman du datua, eta hurrengo hamar urteetan jaiotze-tasa %20 baino gehiago jaitsiko dela ohartarazi du. Horren eraginez ikasgelak ixtea "onartezina da, besteak beste ikastetxe ahulenei eragiten dielako neurriak".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko abuztuaren 30a

Ikasle kopuruak behera egin ahala, “Hezkuntza Sailak erabakitzen du iturria nori itxi”, adierazi du, baina gaineratu du haur gehiago jaiotzeak ez duela zertan lanpostuen suntsiketa ekarri, “baliabide pertsonal gehigarriak behar direlako eremu pila batetan (euskara, premia bereziak…). Lanpostuak ez daude soberan”.

Euskadi Irratian esan ditu hitzok, Steilas, LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariak elkarrizketatu baitituzte, eskola-ikasturte berriari begira. Ikasturte honetan onartzekoa den Hezkuntza Legea ere izan dute eztabaidagai, eta legearen kontra protesta egiteko grebak ez dituzte baztertu.

Ikasturte hasiera, aurten ere anabasa?

Bestalde, ikasturtea gaizki hasteko aukera handia dela uste du Iturriozek: "Bigarren lanpostuen esleipenen txanda egitear da Jaurlaritza, baina gaur egun zenbat lanpostu eskaini dituzten eta lanpostu asko ez direla eskaini ikusita, berriro ere ikasturte hasiera zoramena izango dela aurreikus dezakegu. Urtero eskatzen dugu ikasleak iritsi aurretik irakasleak eta gainerako langileak dagoeneko ikastetxean egotea, baina sekula ez da lortzen, ordezkapenak bete gabe egoten dira lehen asteetan, eta anabasa izaten da. Iazko ikasturtean desastre potoloa izan zen, bereziki premia berezien eremuan".