argia.eus
INPRIMATU
EAEko GKEek salatu dute instituzioek laguntzak murriztu dituztela
  • EAEko Gobernuz Kanpoko Erakundeko koordinadorak 2014. urterako instituzioek zuzendutako aurrekontuak aztertu ditu. 2008an eman zituzten diru-laguntzen azpitik geratu dira administrazioa, Gasteizko Udala izan ezik.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko apirilaren 11
Hainbat ekimen aurrera ateratzen dituzte GKEek. Argazkian, genero indarkeriaren aurkako tailerra Nikaraguan.

Koordinadorak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak “behin eta berriz iragarri du” aurrekontuak areagotu egingo zituela; murrizketak onartu dituztela salatu du, ordea: “Jaurlaritzak lankidetzara 35,5 milioi euro zuzenduko ditu aurten. 2008an 45 milioi ziren”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 3,9 milioi zuzenduko ditu 2014an, aurrekontu osoaren %0,52. 2008an 4,5 milioi eman zituen, aurrekontuen %0,58. “Diputazioa konpromisoari eutsi dio krisia egon arren”, adierazi dute GKEek.

Bizkaiko Aldundiak “murrizketa oso handiak” egin dituela salatu dute. Aurten 4,4 milioi zuzenduko ditu diru-laguntzetan, aurrekontu osoaren %0,29. Joan den urtean %50eko murrizketa egin zuela adierazi du koordinadorak.

Arabako Aldundiak 1,1 milioi zuzenduko ditu 2014. urtean, aurrekontu osoaren %0,28.

Instituzio guztien artean Gasteizeko Udalaren diru-laguntzen handitzea nabarmentzen da: 2,8 milioi euro zuzenduko ditu aurten, aurrekontu osoaren %0,84.