EAEko gazteen %71 datozen urteetan autogobernuaren inguruko galdeketa egiteren alde azaldu da. Erabakitzeko eskubidea aitortzea bakearen eta elkarbizitzaren onurarako izango litzatekeela uste du gehiengoak. Ondorioak Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak atera ditu.
Iaz 15-19 urte arteko 2.165 gazte elkarrizketatu eta hauen erantzunak 30 urtetik gorako 4.975 lagunen erantzunekin alderatu dituzte. Gazteen %35 independentziaren alde azaldu da eta %33ak “baldintzen arabera” babestuko lukeela adierazi du. 30 urtetik gorakoen artean %24 inguru daude independentziaren alde eta % 60 autogobernuaren inguruko galdeketaren alde.
Gazteen %91k uste du Eusko Jaurlaritzak bake-prozesuan esku hartu beharko lukeela. %49ak autogobernuak ekonomiaren alde egingo lukeela deritzo eta %43ak elkarbizitza suspertuko lukeela.
Alderdi politiko guztiak 5aren azpitik
Politikarekiko gazteen gaitzustea nabarmena da, %75ak interes eza edo oso baxua aitortzen baitu. Erdia baino gehiagok dio ez duela gertutasunik sentitzen alderdi politiko bakarrarekiko ere. Horren erakusle dira gazteek alderdiei emandako balorazio baxuak: Bilduk 4,3 puntu jaso ditu; EAJk 4, EBk 3,1; PSEk 2,9; Equok 2,5; UPyD 1,9 eta PPk 1,6.
Politikarien artean, soilik EH Bilduko Laura Mintegik gainditu du galdetegia, 5,2 punturekin. Ondorengo biak, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Patxi Lopez lehendakari ohia izan dira, hurrenez hurren, 4,8 eta 3,8 punturekin.
Gazteen kezka nagusia enplegua
Gazteen %29ak “oso zoriontsutzat” jo du bere burua eta %60ak “nahiko zoriontsu” dela esan du. Lan-merkatuaren bueltan markatu dituzte kezka nagusiak. Gazteen %44k urte bete barru euren egoera ekonomiko pertsonala okerragoa izango dela uste du. % 45ak EAEtik kanpo lana aurkitzea pentsatu du eta % 41ak Espainiatik kanpo.