argia.eus
INPRIMATU
EAEko gazte nekazariak trebatzeko programa eredu ekologikotik urrun xamar
  • 2004tik eskaintzen dute Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek Gaztenek programa. Urteotan guztiotan 919 pertsona pasatu dira bertatik eta onartutako proiektuetatik 175 inguru baizik ez dira ekoizpen ekologikoa edo integratua garatzen dutenak. Aurkeztu berri duten Gaztenek Berri programak enpresa kudeaketa eta digitalizazioa ditu jo-puntu.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2022ko uztailaren 19a
Gaztenek Berri programa aurkezten. Argazkia: irekia.eus.

Gaztenek Programa 2004ean jarri zuten abian Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek. Programa honen helburua nekazaritzan instalatu nahi duten gazteei laguntza eskaintzea da, ideiak sortzeko fasean, baita enpresa sortzeko eta proiektuak finkatzeko ere.

2004tik 2022raino 919 pertsona pasatu dira bertatik: Bizkaikoak 353, Gipuzkoakoak 306 eta Arabakoak 260. Horietatik, 594 dira gizonezkoak eta 325 emakumeak, eta adin-tartea, oro har, 25 eta 40 urteren artekoa zuten programan parte hartu zutenean.

175 proiektu ekologiko baino ez

Sektoreka aztertuta, Gaztenek programatik pasatu diren kopuruak parekatuak dira: 476 pertsona nekazaritzan sartu dira, bereziki baratzezaintzan, frutagintzan eta ardogintzan; eta 443 abeltzaintzan, oro har, esnetarako eta haragitarako behiak eta ardiak zaintzea da hauen bizibidea.

Jaurlaritzak eman duen datuaren arabera, urte hauetan denetan onartutako proiektuetatik, 175 inguru dira ekoizpen ekologikoa edo integratua garatzen dutenak. Jaurlaritzak ez du zehaztu guztira zenbat diren onartutako proiektuak baina pasatu diren 919 pertsonak kontuan hartuta, %19 lirateke ekologikoari heldu diotenak.

Gaztenek Berri-k enpresa ikuspegia eta digitalizazioa miran

Uztailaren 18an aurkeztu duten Gaztenek Berri programak ekoizpen eredu jasangarrietan baino gehiago begia jarria du enpresa kudeaketan eta digitalizazioan. Mondragon Unibertsitatearen asistentzia pedagogikoa izango du eta helburu gisa jarri dute “lehen sektorea gaztetzea eta modernizatzea, eta horretarako XXI. mendeko erronka berriei aurre egiteko tresnak eskainiko zaizkie, hala nola, enpresa-kudeaketa, nekazaritza eta abeltzaintza-lanaren digitalizazioa edo arlo horretako teknika eta berrikuntza berriak”.

Guztira 26 gaztek eman dute aurtengo programan izena: Arabako 11k, Bizkaiko 6k eta Gipuzkoako 9k.