argia.eus
INPRIMATU
EAEko fiskaltzak ohartarazi du Jaurlaritzak "ez duela kolaboratzen" ingurumen delituen ikerketetan
  • Carmen Adán buru duen EAEko Fiskaltzak 2022ko memoria egin du eta Iker Rioja kazetariak Eldiario.es hedabidean kaleratutako informazioaren arabera, memoria horretan aipatzen da Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak "ez duela kolaboratzen" ingurumen delituekin zerikusia duten ikerketetan, hala nola hondakinen kudeaketako irregulartasunetan edo isurketetan. Gasteizko kasu bat aipatzen da, zeinetan "kolaboraziorik ezak jarraibideen tramitazioa atzeratu zuen" eta azkenean ikerketa Guardia Zibilari eskatu behar izan zitzaion. EAEko ustelkeria ikertzeko "erreminta gehiagoren beharra" ere aipatzen du memoriak.

ARGIA @argia 2023ko irailaren 12a
IƱigo Urkullu lehendakaria eta Carmen Adan EAEko Fiskal Gorena 2022ko irailan, Ajuria Enean egin zuten bileran. Argazkia: irekia.euskadi.eus

Epaitegietako ikerketetan dagoen geldotasuna eragiten ari zaio 2020an erori zen Zaldibarko zabortegiaren auziko ataletako bati ere. Fiskaltzak txostenean dio Durangoko Auzitegiak daraman auzi horrek "konplexutasun teknikoa" duela, eta daraman "martxa eta garapena ez direla nahi bezain azkarrak". Auziaren atal horretan aztertzen ari dira gertatutakoak ingurumen delitu izan ziren edo ez, eta ea Jaurlaritzak ardurarik izan zuen. Garai hartan Ingurumen sailburua Iñaki Arriola zen.

2022an Amaia Barredo zen Ingurumen sailburuordea

Eldiario.es hedabideak argitaratutako albistean, Iker Riojak azaltzen du Ertzaintzari dagozkiola delituen ikerketak, non eta gaiak ez duen autonomiaren eremua gainditzen, adibidez lehergailuen kasuan edo kostari buruzkoetan. Eta fiskaltzaren 2020ko memoriak dagoeneko aipatzen zituela Ertzaintzaren ikerketa lanek zituzten "gabeziak". Ingurumen aferak Arantza Tapia buru duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren barruan daude, eta 2022an Amaia Barredo sailburuordearen ardura ziren. Gasteizko Auzitegia Barredo ikertzen ari da, Fiskaltzaren eginbidez, Bergarako Valogreene Paper proiektuari eman zion baimenaren tramitazioetan irregulartasunik egin zuen aztertzeko. Uztailean utzi zuen Jaurlaritzako Ingurumen kargua eta Arabako ahaldun izatera pasa zen.

Ustelkeria ikertzeko "tresna gehiago behar dira"

Fiskaltzaren 2022ko memoriak idatziz jaso ditu EAEko ustelkeria ikertzeko dauden ahuldadeak: "Delituak ikertzeko tresna gehiago behar dira, eta, jakina, arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonak argi eta garbi babestu behar dira". Zera ere esaten du Adánek sinatutako dokumentuak, "Oraindik ere begi-bistakoa da zaila dela kontratazio publikoaren esparruan delitu-portaerak detektatzea".