EHUk eginiko ikerketaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxeko langileen %43,10ak ez du inoiz lan kontraturik izan, baina enplegatzaileen %70ak uste du "baldintza ezin hobeak" ematen dizkietela beren etxeko langileei. Etxeko langileen %27,4 egoera irregularrean bizi da. EHUren Uda Ikastaroetan aurkeztu dute ikerketa, SOS Arrazakeria erakundearekin batera.
EHUk Ikerbasqueren parte hartzearekin eginiko ikerketaren emaitzak Itziar Guerendiain, Iduzki Soubelet, Leire Amenabar eta Izaro Bilbao ikertzaile eta irakasleek eman dituzte, El Diario Vascok argitaratu duenez. Lan Duina, Zaintza Duina: Etxeko eta zaintzako lan duinerako hausnarketak eta praktikak ikastaroan egin dute aurkezpena, SOS Arrazakeria erakundearekin batera antolatutakoa. Ikerketa 1.400 pertsonen erantzunekin osatu da, etxeko langileak zein biztanleria orokorra.
Enplegatuak eta enplegatzaileak
Etxeko langileei dagokionez, ikerketak datu esanguratsu ugari azaleratu ditu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langileen soslaia emakumezkoa eta Ertamerikakoa da, eta bataz besteko adina 42 urtekoa. Ia erdiak –zehazki, %43,10– ez du inoiz lan kontraturik izan, eta %27,4 egoera irregularrean bizi da. %26,9ak goi mailako ikasketak dituzte, baina horien %80ak ezin ditu homologatu, beren enplegu aukerak murrizten dituena.
Etxeko langileen enplegatzaileak ere hartu dituzte kontutan ikerketarako, eta enplegatzaileek eta enplegatuek azken hauen lan baldintzekiko duten pertzepzioan dagoen "desoreka" nabarmendu dute aurkezpenean. "Kontsultatutako enplegatzaileen % 70ak uste du baldintza ezin hobeak eskaini zizkiela langileei. Normala izan daiteke desoreka hori, inork ez baitu onartu nahi bere langileak baldintza eskasetan mantendu dituenik", azaldu ditu emaitzak Itziar Guerendiainek.
Etxeko langile horien nagusien %95ak adierazi du prest egongo litzakeela Gizarte Segurantzan euren izena emateko, baina aldekotasunak "behera" egiten du langile horien eskubideak bermatzeko bitarteko zehatzez hitz egitean: "Lan egindako jaiegunak ordaintzea, gizarte eta osasun prestakuntzako ikastaroak egiteko ordu libreak ematea, sindikatuekin edo beste pertsona batzuekin harremanetan jartzea haien lan-eskubideei buruz aholku eman diezaieten, eta abar".