Otsailaren 26an greba hasiko dutela iragarri dute eskola jantokietako enpresa pribatuetako langileek, Hezkuntza Saileko sukaldarien baldintza berberak exijituz. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute greba deialdia.
Enpresa pribatuek kudeatzen dituzten eskola jangeletako langileek mobilizazioan ikusi dute beraien eskaerei bide emateko modua, eta “aho batez” erabaki grebari ekitea. Jakinarazi dutenez, behar izatera mobilizazioak areagotzeko prest daude.
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek Bilbon egin dute agerraldia, eta jakinarazi dutenez, azken bi urteetan hamabost aldiz bildu dira negoziazio mahaian. Alabaina, enpresen proposamena beraien eskaeratik oso urrun dagoela deritzote. Langileek Hezkuntza Saileko sukalde langileekin "homologazioa" eskatzen dute, baina patronalek planteatu dituzten aldarriak ez dituztela aintzat hartu salatu dute. Gehitu dutenez, indarrean den hitzarmeneko akordio batzuk ere “ukatzen” dabiltza enpresak.
Homologazioaz gain, beste aldarrikapen batzuk ere azpimarratu dituzte: ratioak hobetu beharra edota gutxieneko lanaldiak finkatzea, besteak beste.