argia.eus
INPRIMATU
EAEko herritarren %58k mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu du 2024an
  • EAEko 1,3 milioi biztanlek Europar Batasunak 2030erako ezarri berri dituen mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu zuten 2024an, Ekologistak Martxanek eginiko ikerketaren arabera.

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 25
Ekologistak Martxanek jarritako airearen neurgailuak. Ekologistak Martxan

OME Osasunaren Mundu Erakundeak 2021ean jarritako mugak gogoratu ditu Ekologistak Martxanek, bere hitzetan egun Europan indarrean direnak baino "askoz zorrotzagoak". OMEk ezarritako mugen arabera EAEko lurraldearen erdira hedatu da 2024an gehiegi kutsatutako airea, eta biztanleria osoari eragin dio.

Txostenean zuzenean lotzen dute klima aldaketa airearen kalitate txarrarekin. 2024. urtea hezea izan zen, eta Espainiako Estatuko hirugarren beroena 1961etik, bero horrek ozono kantitatea handitzea eragin zuen. Hala ere atmosferaren kutsadura txikitu zen sistema energetikoa dela eta. Nahiz eta pandemia aurreko petrolio errekuntza maila berreskuratu, gasaren erabilera murriztu zen eta energia berriztagarriek eskariaren %57a bete zuten.

Lehen mailako osasun arazoa

Airearen kutsadura "lehen mailako osasun arazo gisa" jorratu beharko litzatekeela adierazi du Ekologistak Martxanek, 2022an 1.270 pertsona hil zirelako EAEn horren ondorioz. Trafikoan jarri du arreta talde ekologistak, neurketak egin dituzte hainbat herrietako ikastetxeen inguruan eta airea oso kutsatua dagoela ondorioztatu dute, neurgailu ofizialek dioten baino askoz kutsatuagoa.  

Europar Batasunak 2024/2881 zuzentaraua onartu zuen 2024an. Zuzentaruak airearen kutsadura mailaren muga-balio berriak ezarri zituen, 2030erako bete behar direnak. Ekologistak Martxanen ustetan "aurrerapen handia" da zuzentaraua, eta erakundeei eskatu die harekin betetzea.