argia.eus
INPRIMATU
EAEko Auzitegi Nagusiaren epai batek 24 asteko baimena aitortu die gurasobakarrei
  • Gurasotasun bajari dagokionez, gurasobakarrak diskriminatuta daudela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak. Ez da irmoa epaia, fiskaltzak helegitea aurkeztu baitio, baina mugarri gisa uler daiteke.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 19a
ZuriƱe Kintana ELAko kideekin batera, asteazkenean egindako agerraldian (Argazkia: ELA)

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Zuriñe Kintanari. Ama bakarra da Kintana, eta iazko ekainean erditu zen. Erditzearen ondotik 16 asteko amatasun baja hartu zuen, eta behin tarte hori igarota, bigarren gurasoari dagokion baja eskatu zion Gizarte Segurantzari. Gizarte Segurantzak ukatu egin zion eskakizuna, eta horren aurrean EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen Kintanak.

Auzitegiak berriki emandako epaiaren bidez, arrazoia eman dio Kintanari. Auzitegiak haurraren interesak jarri ditu lehen lerroan, eta adierazi du guraso bakarreko familiak diskriminatuta daudela, berdintasun eskubidea urratzen zaielako; legeak bermatzen duen berdintasun printzipioa urratu egiten da guraso bakarreko familietan, auzitegiaren iritziz. Epaiak dio diskriminatzailea dela gurasobakarrei baja hamasei astera mugatzea, bi gurasoko familiek 24 baja aste dituzten bitartean.

Epaia ez da irmoa, fiskaltzak helegitea jarri baitio. Alabaina, Berriak jasotako ELA sindikatuaren adierazpenek diote epaiak bide bat ireki duela. Sindikatuko kide Iratxe Ordorikaren arabera, epaia “berritzailea” da ikuspuntu juridikotik zein genero berdintasun ikuspuntutik. Gurasobakarreko familia gehienak emakumeek osatzen dituztela jakinik, epaiak emakumeen lan baldintzetan eta kontziliazio eskubideetan eragina izan dezakeela uste du sindikatuak.