argia.eus
INPRIMATU
EAEko aurrekontuen gastu muga %11,5 jaitsiko da
  • Eusko Jaurlaritzak 9.200 milioi euroko gastu muga ezarri du aurrekontuetan, lehengo urtean baino 1.249 gutxiago, alegia, %11,5 gutxiago. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du kontuak onartzeko akordioak lortzearren ogasun kontseilaria, Ricardo Gatzagaetxeberria, gaurtik aurrera elkartuko dela talde parlamentarioekin. Dena den, azpimarratu du baliabideen banaketa soilik eztabaidatuko dutela, eta ez gastu muga.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 27a
Josu Erkoreka bozeramaileak aurtengo aurrekontuen berri eman du (Argazkia: elmundo.es)

Erkorekaren arabera, helburua ahalik eta talde gehienen babesa lortzea da, krisi honi erantzuna emateko “Legebiltzarra eta instituzioetan ordezkatuta dauden alderdi politikoen batasuna” garrantzitsua baita bere ustez.

Bozeramaileak aurreratu duenez, aurrekontuen bi heren langileetara, botika gastuetara, baztertze soziala ekiditera eta Oinarrizko Errentaren finantziaketara bideratuta egongo dira.

Bestalde, Gasteizko hiriari 5 milioi euro emango zaizkio, Jaurlaritzaren esanetan, hainbat inbertsioei aurre egin ahal izateko. Erkorekaren ustez, “EAEko hiriburuaren alde esfortzu handia” egin dute “krisi eta atzeraldi garai honetan”.