argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzak abortuaren lege erreforma bertan behera uzteko eskatu du ofizialki
  • Astelehenean Madrilen egindako berdintasun sektore biltzarrean egin du eskakizuna beste lau autonomia-erkidegoekin batera: Asturias, Andaluzia, Kanariak eta Katalunia. Galdera eta eskaeren txanda erabili behar izan dute horretarako, Osasun eta Berdintasun Ministerioak, biltzarraren antolatzaileak, ez duelako onartu eskakizuna gai zerrendan sartzea.

Judith Perez @judyjudd 2014ko uztailaren 22a
Izaskun Landaida, berdintasun planaren aurkezpenean (argazkia: J.Ruiz/ARP)

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria izan da bertan Eusko Jaurlaritzaren izenean. Abortuaren erreforma “atzerapauso onartezina” dela salatu du.

Landaidak gogoratu du egungo legediak ez duela emakumea abortatzera behartzen, hala erabakiz gero, osasun-baldintza egokietan egin ahal izatea baino ez duela bermatzen. Emakundeko zuzendariaren hitzetan, “legeek berdintasunezko arau esparru unibertsal bat bermatu behar dute, eta pertsona bakoitza izango da, bere sinesmenen arabera, erabaki bat edo beste hartuko duena”.

Lege erreformak ez dituela abortuak eragotziko nabarmendu du ere Landaidak. Bere ustez, Rajoyren gobernuak lortuko duen bakarra izango da baliabide ekonomikoak dituzten emakumeek abortatu ahal izatea, beste emakumeak babesgabe utziz.

Uda amaierarako

Espainiako Ministroen Kontseiluak lege proiektua uda amaitu baino lehen onartuko duela jakinarazi du Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak. Testua prest dutela gehitu du.