Iragarpen bikoitza egin du Eusko Jaurlaritzak ostiralean, irailak 25, COVID-19ak EAEko ekonomian eragin duen krisiaz. Alde batetik, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu du 2020an ekonomia % 10,1 jaitsiko dela eta 30.000 lanpostu galduko direla. Bestetik, Euskadiren Berreraikuntza Ekonomiko eta Sozialerako Programa iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak: ondoko lau urteetan 10.000 milioi euro bideratuko ditu galdutako lanpostuak berreskuratzeko eta beste 135.000 sutatzeko.
EAEko ekonomia %10,1 jaitsiko da omen da aurten, Eusko Jaurlaritzak uda aurretik aurreikusitakoa baino gehiago, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak ostiralean adierazi duenez, Barne Produktu Gordina %8,7 jastea aurreikusi baitzuen. Irail akaberan Jaurlaritzak aurreikusten du 30.000 lanpostu galduko direla EAEn, langabezia-tasa %11,2ra igoz. Erkidego honetan BPGak bigarren hiruhilekoan %19,5 egin zuen behera. Azpiazuk esan duenez, ordea, Jaurlaritzak aureikusten du datorren urtean BPGak susperraldi handia ikusikok duela, %8,9koa (uda aurretik kalkulatu zuten %6,7 hura baino hobea)
Bere aldetik, Iñigo Urkullu lehendakariak ostiralean bertan iragarri du EAEko ekonomiak eta enpleguak bizi duten kinka larritik ateratzeko Euskadiren Berreraikuntza Ekonomiko eta Sozialerako Programa berria: datozen lau urteetan planak 10.000 milioi euro bideratuko ditu galdutako lanpostuak berreskuratzeko eta beste 135.000 sustatzeko. Egitasmoaren zertzelada nagusiak lehendakariak azaldu ditu Elkargiko bazkideen Batzar Nagusiaren hasierako ekitaldian, Donostiako Miramon teknologia parkean.
Programaren ardatzak heldu den astearteko Gobernu Kontseiluan aurkeztuko dituzte, lehendakariak berak, Lan eta Enplegu Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak. Bestalde, plan hori finantzatzeko bidean lehendakariak espero du laster Madril eta Bruselatik iristea Europar Batasunaren Next Generation funtsen baldintzak. Lehendakariak nahi du orain hasi berria den legealdia "berreraikuntzaren legealdia" gerta dadin.
Urkulluk esan duenez, koronabirusa hesitzeko haleginean mugikortasunari ezarritako mugek kontsumoari zein inbertsioari eragin diete eta BGParen jaitsiera ez bada automatikoki bihurtu neurri bereko langabezia handitzea, hori izan da lan-erregulazioei esker: “Guztira, 188.000 pertsona baino gehiago aldi baterako lan-erregulazioan izan dira noizbait eta, abuztu amaierarako %80 lanera itzuliak ziren”. Lan-erregulaziori eutsiko zaiola iragarri du eta ekoizpen ekonomiari finantzazko laguntza ere emango zaiola. “Gure helburua –esan du lehendakariak– galdutako enplegu guztia berreskuratzea da, 135.000 lanpostu sustatuz, horixe baita Jaurlaritzaren eta EAEko erakundeen lehentasunetako bat”.