argia.eus
INPRIMATU
Neurri berriak EAEn: Tabernak 1:00etan itxiko dira, edukiera gehienez %60koa izango da...
  • Gaur, abenduak 29, jarri dira indarrean LABIren Aholku Batzordeak onartutako dekretu berriaren neurriak, eta hasiera batean 2022ko urtarrilaren 28ra arte mantenduko dira. Besteren artean, tabernek gehienez ere 1:00etan itxi beharko dute eta, oro har, edukiera % 60koa izango da mota guztietako establezimenduetan eta barnealdean.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 29a
Tabernetan ezin izango da zutik kontsumitu / OCU.ORG

"Egoera berriaren esparruan", jada indarrean ziren neurriei beste hauek gehitu dizkie LABIren aholku batzordeak.

  1. Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztietarako gehieneko itxiera-ordutegia 01:00etan izango da.
  2. Oro har, edukiera % 60koa izango da mota guztietako establezimenduetan eta barnealdean.
  3. Edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietarako gehienez 600 pertsona barnealdean eta 800 pertsona kanpoan.
    - 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, barnealdeko gehienekoa 800 pertsonakoa da, eta 1.200 pertsonakoa kanpokoetan
    - 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera % 50ekoa izango da; nolanahi ere, Estatuan beste muga jakin bat aplikatu ahal izango da.
  4. Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan, diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan, debekatuta dago zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzeko edo mahai multzo bakoitzeko bezero-taldeak gehienez 10 pertsonara mugatzen dira, bai barrualdeetan, bai terrazetan. Mahaien edo mahai-multzoen arteko distantzia metro eta erdikoa izango da.
    Neurri horiek berak aplikatuko zaizkie gazteen lokal edo lonjei, txokoei eta elkarte gastronomikoei.
  5. Barrualdeko kirol-jarduera gehienez 10 pertsonako taldeetan egituratu beharko da. Aldagelak % 50ean bakarrik bete ahal izango dira.
  6. 2022ko urtarrilaren 1ean eta 6an, merkataritza-, ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak ezin izango dira 08: 00ak baino lehen ireki.
  7. Gomendio gisa 2021eko abenduaren 31tik 2022ko urtarrilaren 1era eta 2022ko urtarrilaren 5etik 6ra bitartean, Gabonetako bazkariak eta afariak egiteko familia-topaketak gehienez hamar pertsonara mugatzea eta gehienez bi familia-unitate bilzea.

Mugakide diren gobernuekin harremana

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak azaldu duenez, birusaren transmisiorako arrisku-testuinguru baten aurrean, "tresnarik onena neurriak konbinatzea eta betetzea da". Ildo horretan, txertaketa, interakzio sozialak mugatzea eta prebentzio-neurriak betetzeko "erantzukizun indibidual eta kolektiboa" nabarmendu ditu, Jaurlaritzak plazaratutako prentsa-oharrean jasoa dagoenez.

Gaineratu du dekretu hau onartu izana mugakide diren erkidegoetako gobernuekin eta gertuko ingurune geografikoko gobernuekin izandako harremanen isla da, antzeko prebentzio-neurriak aplikatzeko helburuarekin. “Neurrien aplikazioan komunztadura hori bilatzea izan da Eusko Jaurlaritzaren fase honetako jardunaren irizpide zuzentzailea. Ia bi urteko pandemiaren ondoren, akordioa ezinbesteko baldintza zen aplikatu beharreko neurrien eraginkortasunerako eta gizarte-ulermenerako", adierazi du Urkulluk.