argia.eus
INPRIMATU
EAE-ko eskola publikoek atzerritar jatorriko hiru ikasletik bi hartzen dituzte
  • EAE-ko eskola publikoetan dauden ikasle guztietatik %22,8 kanpotarra da. Itundutako ikastetxeen kasuan ostera, %9,6 baino ez.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 07a
Ikasle atzerritarrak EAE-ko ikastetxe batean.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, euskal eskola publikoek ikasle atzerritar gehienak jasotzen dituztela erakusten duen ikerketa aurkeztu du. Gaur egun, EAE-ko hezkuntza sisteman 33.079 ikasle atzerritar daude matrikulaturik, 21.997 eskola publikoan eta 11.082 itundutakoetan.

Uriartek adierazi du, azterketaren helburua EAE-ko hezkuntza sistemaren “diagnostiko sakonagoa” egitea dela, ondoren hartu beharreko “neurriak zehazteko”.

Sailburuak emandako datuen arabera, eskola publikoen eta itundutakoen artean “oreka falta nabarmena” dago. Lehen hezkuntzan esaterako, eskola publikoko atzerritarrak 15.216 dira, itundutakoan dauden 6.011ren aldean. Bigarren hezkuntzaren kasuan ordea, desoreka nabarmen lausotzen da.

Uriartek, “kohesio” eta “parekotasun handiagoa” bilatzeko neurri batzuk ere aipatu ditu aurkezpenean: atzerritar gehiago jasotzen duten zentroei baliabide gehiago ematea, iruzurrak ekiditeko aurrematrikulen kontrola handitzea edo udal kontseilu eskolarrak sustatzea besteak beste.