Lohi Ensemble
Non: Montehermoso Kulturunean
Noiz: Irailaren 28an
-------------------------------
Igande arrats goibel eta hotz batez izan nuen, lehen aldiz, Lohi Ensembleren berri. Arabako musika eszena autogestionatuaz hitz egiteko Larraitzek jende jator pila bat eta ni Hala Bedi tabernan elkartu gintuen hartan. Ez dut gogoan zehazki noiz, baina kontakizunari fantasia apur bat gehitze aldera, esango dugu elkarrizketa grabatuaren ondoko hitz-aspertuan Aitor Gartxi-k lehen pertsonan kontatu zuela; Kutxi-n zabalik gelditzen zen azken tabernan, seguruenik.
Gasteiztik beste hiri bateko etxe batera piano zahar baten bila joan ziren bi laguni buruzkoa zen, zeintzuk handik pianoa zatituta bueltatu baitziren furgoneta handi batean, ez dakit zenbat ordu geroago. Izerdi pila bat isurita, sos bat bera ere ordaindu gabe, haatik. Ordura artekoaren bitxiaz jabetzen nintzen arren, estrainioena zera iruditu zitzaidan: artean ez zekitela zer egin nahi zuten piano harekin. Ez zuten pianoa jotzeko asmorik, hori bazekiten. Ez adiera ohikoenean, bederen.
"Ea zer gertatzen den" errepikatzen zuela gogoan dut. Horixe otu zait Montehermoso Kulturuneko atetik sartu eta ikusleontzako aipatu pianoaren pieza bana utzi digutela ikusi dudanean. Ezohiko fantasiaren oroigarri materiala, bateria-makilen baliokide postmoderno bat. Pianoaren gorputza –edo gorpua, agian– brankaz ageri da, klaustroaren erdian eta laranja kolorez argiztatua. Erdi biluzik. Barrenak bistan. Zain, zirujauak noiz iritsiko.
Esandako orduan agertu dira gizon beltzezkoak, eta nire begi ez-adituen arabera, hiru zatitan banatu dute emanaldia. Lehenengoan, pianoaren tripak hainbat tresnaren bidez ukitu, kolpatu, igurtzi dituzte musikariek. Interesgarria izan da pianoaren piezen eta espazioaren sonoritatearen arteko elkarrizketa.
Bigarren atalean ere soinuak zuzenean eta tripetatik sortu dituzte, baina soinuaren modalizazioa izan da jolasa. Pianoan sortu uhina analogikoki moldatzea, nahieran. Bigarren atal horren barruan kideek biak egin dituzte, txandaka: soinua sortu eta eraldatu. Txanda aldaketa ere ederra izan da. Ping-pong partida bat, pianoan barrena.
Azken atalean zurezko musika tresna soinu-uhinentzako bitarteko bihurtu dute. Hots, modulaturiko soinu-uhinak pianoaren bidez proiektatzen jostatu dira. Horretarako, bozgorailu parea esku banatan hartu eta distantziekin olgetan aritu dira, beste soinu batzuk sortzea helburu. Oihartzuna oraindik isildu gabe zen, txalo-zaparrada ederraren aurrean bi aldiz makurtu eta musikariak agertu diren leku beretik desagertu direnean.
Bitxia da, baina inor ez da mugitu teknikariak argi zuriak piztu dituen arte. Esango nuke inor ez zegoela ziur emanaldia bukatua ote zen. Hori, edo bestela, "zer gertatu da hemen?" Galderari erantzun bila ari ginen denok.