Agian, Erregeek DVD aparailua utzi dizue bart zapatetan. Edo Olentzerok duela bi aste. Poz-pozik egongo zarete, azkenean VHS zaharra ordezkatu duzuelako. Litekeena da DVDa iazko edo duela bi urteko Gabonetan erosi izana, baina kontuak kontu, ziurrenik denbora gutxi pasa da aparailua duzuenetik. Barkatuko diguzue erregalua irekitzean jasotako sorpresatxoa zapuzten badizuegu, baina aurki DVD aparailua zaharkituta geratuko zaizue. Belaunaldi berriko bi disko indar handiz sartu dira merkatuan, eta badirudi DVDen lekukoa kontsumitzaileek desio baino lehenago hartuko dutela. Disko berri hauek informazio askoz gehiago bil dezakete eta irudien eta soinuaren kalitatea dezente hobea da. Diskoa bi formatutan merkaturatuko da: Blu-ray eta HD-DVD. Gauza bera gertatu zen bere egunean VHS eta Beta formatuekin.
Blu-ray disko optikoa Sony konpainiak garatu du eta HD-DVD delakoa Toshibak. Ez dituzte -oraingoz- irakurgailu bateragarriak garatu eta ondorioz, kontsumitzaileak bata ala bestea aukeratu beharko duela dioten zenbaitzuk. Hala ere, teknologia berriek daramaten abiadura aintzat hartuta, auskalo bietako bat aukeratu behar izango dugun ala, aitzitik, sistema bateragarria (ala beste formaturen bat) garatuko duten. FayerWayer web gunean irakurri dugunez, New Medium Enterprises enpresa britainiarrak 10 kapako DVDa garatu du eta urte amaierarako 20 kapakoa (100 GB) sortzea espero du. Halakorik garatuz gero Blu-ray eta HD-DVD ez lirateke beharrezkoak izango.
Disko berrien aurrekaritzat plasma-telebistak jotzen dituzte zenbaitzuk. DVDarentzako sofistikatuegiak dira. Ohiko telebistek 500 lerro bertikaleko erresoluzioa eskaintzen dute eta plasma eta definizio handiko telebistek 1.080koa. DVD normal batean 500 lerroko grabazioak soilik sartzen direla kontutan hartuta, plasma-telebistak eskaintzen dituen abantailak aprobetxatzerik ez dago. Beraz, ez da harritzekoa memoria handiagoa eta erreprodukzio sistema hobea duen formatua garatzea.
Aurreneko urratsa Sonyk eman zuen. 2002ko otsailean aurkeztu zuen Blu-ray diskoa. Konpainiak Blu-ray Association elkartearen babesa jaso zuen. Hirurogeita hamabost enpresek osatzen dute erakunde hori. Tartean daude, besteak beste, Apple, Hitachi, HP eta JVC. Bi hilabete geroago, ordea, Toshibak HD-DVD aurkeztu zuen. NEC, Sanyo eta Memory Tech enpresek eta apur bat beranduago DVD Forum erakundeek babestu zuten bigarren disko hau. Polemikaren erdian, kaltetuenak kontsumitzaileak eurak dira.
CD eta DVD grabagailuek laser gorria erabiltzen duten bitartean, Blu-rayk eta HD-DVDk laser urdina darabilte. Argi-izpi fin eta zehatzagoa da eta diskoek espazio txikiagoan informazio gehiago pilatzen dute. Hala, ohiko DVD batek kapa bakarreko diskoetan 4,7 GB eta bikoetan 9,4 GB gordetzen dituen bitartean, HD-DVDk 15 GB eta 45 GB jasotzen ditu eta Blu-rayk 25 GB eta 50 GB.
Blu-ray diskoa azkarragoa da, edukiera handiagoa dauka eta Sonyren hitzetan, hondatzeko zailagoa da. Hala ere, ez da ahaztu behar hiru disko mota daudela: grabatzekoa, birgrabagarria eta soilik irakurtzekoa. Bestalde, HD-DVDk ohiko DVDen antz handiagoa du. Egia da grabatzerako orduan geldoagoa dela eta informazio gutxiago bil dezakeela, baina DVDekin bateragarria da. Abantaila handia da, baina Sonyk ere aurki eskainiko du aukera hori, hainbat konpainia (Sony bera, Panasonic, Samsung…) CDak, DVDak eta Blu-ray diskoak grabatu eta erreproduzitzeko aparailuak sortzen ari baitira.
Zer gertatuko den ziur esaterik ez dagoen arren, badirudi etxean ditugun DVD diskoak Blu-ray eta HD-DVD aparailu berrietan ikusi ahal izango ditugula. Baina, belaunaldi berriko diskoak DVD aparailuetan ikusterik izango al dugu? Hala ez bada, aparailu berria erosi beharko dugu, zinema estudio handiek ziurrenik belaunaldi berriko diskoen aldeko apustua egingo baitute. Eta puntu honetara iritsita, beste arazotxo bat: Zinema estudioek zein formatutan ekoiztuko dituzte euren filmak (HD-DVD edo Blu-ray)? Estudio guztiek formatu bera aukeratuko dute? Hala bada, ez dago arazorik, baina bestela, Sonyren ala Toshibaren irakurgailua erosi beharko dugu?
Hasiera batean, Toshibak lortu zuen Warner, Universal, Disney, Columbia eta Paramount estudioak erakartzea, HD-DVD diskoaren ekoizpen prezio baxuek bultzatuta. Baina geroago Sonyk SPDG (Self-Protecting Digital Content) segurtasun sistema aurkeztu zuen. Horri esker, grabagailu berriek ezin izango dituzte irakurtzen ari diren filmak kopiatu eta hori, noski, amu oso erakargarria da pirateriari beldur izugarria dioten ekoizpen etxeentzat. Toshibarentzat, ordea, “atea ongi ixteko ahalegin zoroan, leiho guztiak kolpetik ireki ditu Sonyk”. Segurtasun kontuetan adituak diren hainbat programatzailek adierazi dutenez, arazoak sortzeaz gain, SPDG sistemak aparailuaren hardwarean birus informatikoak sartzea erraztu dezake.
Kontuak kontu, belaunaldi berriko diskoek zinemaren industrian eragin handia izan dezaketen arren, sektore horrek badaki bideoklubetan edo bestelako saltokietan geroz eta film gutxiago alokatu eta salduko direla, eta pirateriarekin amaitzeko Internet bidezko banaketa-sarean murgildu behar dela. Hala zioen Mikel Insaustik pasa den astean Kaleidos aldizkarian. Bere ustez, zinemaren industriak Interneten filmak legalki jaisteko negozioari eman behar dio garrantzia.