Badira egun batzuk Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan argitalpen bat agertu zela. Bertan, ama batek adierazten zuen bere alaba Bernedoko euskal udalekuetan egon zela hamabost egunez eta talde mistoetan dutxarazten zituztela 13-15 urte bitarteko nerabeak, aukerarik eman gabe sexuaren arabera banantzeko edota bainujantzia erabiltzeko. Halaber, adierazten zuen gurasoei ez zitzaiela aldez aurretik funtzionamendu horren berri eman, eta alabari ez zitzaiola egonaldian zehar bere gorputzarekin nahi zuena egitea erabakitzeko aukerarik eman. Badirudi begiraleek azalpenen bat eman ziotela ama horri eta, hartan, sexuaz hitz egitea ekidin eta generoaz hitz egiten ziotela.
Honaino jatorrizko argitalpenetik atera daitekeena. Hemendik aurrera, analisia. Eta lehenengo esan beharrekoa eta funtsezkoa dena da, ez argitalpenean ezta horri emandako erantzunetan ere, ez dela agertzen udalekuko begiraleek gurasoei bidalitako balizko erantzun hori, ez eta Euskal Udalekuen aldetiko adierazpen ofizialik ere. Azken horren webgunean edo Instagram kontuan ere ez. Hori esanda, kasu honen inguruan atentzioa ematen duten zenbait gauza aurki ditzakegu:
Azpimarragarriena eragindako erreakzio kopurua izan da: ohikoena hamar erantzunetara ez iristea denean, honek 300 erantzun izan ditu, gehi loturiko beste lau argitalpen, 70 erantzun gehiago dituztenak.
Gaizki eginda dagoena gaizki dago, eta norbere kontzientzia ezin du taldeak babestu. Norbait nahi ez duen zerbait egitera behartzea boterearen erabilera bat da
Salatutako egoerari dagokionez, argi dago esperientzia bat (talde mistoetan dutxatzea) modu subjektibo eta pertsonalean bizi den zerbait dela: batzuek ongi daramate, besteek ez. Baina, hainbat pertsonak adierazi duten moduan nerabeak beraien gogoz kontra egitera behartu dituztela salatzen bada, egin behar ez dena, gertatu den moduan, pertsona horien deserosotasuna gutxiestea da, batzuek egoera “natural” bizi dutela esanez edo, are, udalekuaren (edo begirale horien?) proiektuaren ideologia “kolokan” jartzearen ardura biktimari egotziz. Horrek birbiktimizazioa eragiten du, eta nerabearen adierazteko eskubidea inhibitu.
Deigarria izan da, @denuncias_euskalherria kontuaren profil feminista ikusita, argitalpenari pertsona askok gutxiespeneko iruzkinok egin izana, eta gertatutako egoerarekiko zilegizko kritikotasuna adierazi duten beste pertsonak TERF edo transfobo bezala katalogatu izana (beraiek woke-tzat dituztenek egiten duten bezala). Egon da, bai, erantzun transfoborik, baina modu horretan deskalifikatzearena haratago joan da.
Inor zigortzen hasi baino lehen (batzuek kartzela ere eskatu dute begiraleentzat), ikuspuntu ezberdinak errespetuz aditzea behar da; eta gertatutakoaren larritasuna kontuan hartuta, exijentzia bat izan beharko litzateke begiraleek edota Euskal Udalekuek adierazpen ofizial bat egitea (webgunean ez baita dutxen aipamenik egiten, eta gertakari honi buruzkorik ere ez). Badirudi 4. txandako azken urteetako ideia izan dela (horrela seinalatu da Instagrameko erantzunetan), baina aukerarik seguruena gaizki ulertu baten ondorioa izatea da; ez dut uste begiraleok Aner Euzkitzeren planteamendua (“adoktrinazio transmaribolloa gauzatu nahi dugu eta gauzatzeko prest gaude”; Berriako Haurrak eta genero-esentzialismoa artikuluan) doktrina ideologiko bezala hartuko zutenik eta hurrengo pausua heteroak sutan justiziatzea edo horrelakoren bat izango denik, ezta? ...ezta?
Amaitzeko: atentzioa eman dit euskal hedabideetan ez dela ezer argitaratu kasu honen inguruan, antzeko beste egoera askotan salaketa egin eta berehala egiten denean, inongo zuhurtasunik eta errugabetasun-presuntziorik errespetatu gabe. Gehiegitan aurkitzen da interneten, prentsan edo kalean, besteen sentitzeko zein jarduteko moduenganako kritikotasun itsu, oldarkor eta koldar hori, talde baten aterkipean egotearen babesak argumentuak eman behar ez izatea zilegi balitz bezala jarduten duten pertsonak; bestea, bere ikuspuntua aditu ere egin gabe epaitzen dutenak. Baina gaizki eginda dagoena gaizki dago, eta norbere kontzientzia ezin du taldeak babestu. Norbait nahi ez duen zerbait egitera behartzea boterearen erabilera bat da; eta erabilera hori ez bada zilegizkoa, biolentzia da. Adin txikikoen kontra edota sexua edo generoa bezalakoei lotuta badoa, gainera, are larriagoa da. Baina batez ere, ez dago pertsona erdeinagarriagorik besteen adierazpen-askatasun legitimoa isilarazten (kantzelatzen) duena baino; ez interneten, ez prentsan, ez kalean, ezta udalekuetan edo feminismoan ere. Adi.
Iraitz Amor Pla