argia.eus
INPRIMATU
Barroso orain Goldman Sachsen lanean, hilero EBtik 18.000 euroko pentsioa mantenduz
  • Europako Batzordeko presidente gisa eskuratutako azken soldataren %70a biltzea ahalbidetzen du pentsioak. Hala, bizi artean hilero jasoko du dirua EBtik.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 13a
Durao Barrosok Goldman Sachsen aholkulari postua onartu du. Brexitaren osteko egoera aztertzeko hautatu dute. (Argazkia: European University Institute)

“Lotsagarria da” esanez azaleratu du bere haserrea Izquierda Unitaria koalizioko Marisa Matias eurodiputatuak. Bere amorruaren zergatia, Europako Batzordeko presidente ohi Jose Manuel Durao Barrosok hartutako erabakia: Goldman Sachsen aholkulari hasi da, baina aurreko karguaren pentsioa mantenduta. Hala, lan berriko soldata gehituko zaio Europar Batasunetik jasotzen dituen 18.000 euroei, eldiario.es-ek argitaratu duenez: komisario postuan jasotako azkenaren %70 da.

Matiasen esanetan, “Barroso 18 hilabetez zain egon da Goldman Sachsi egindako mesedeen fruituak jasotzeko”. Izan ere, behin kargua utzita, denbora tarte horretan zein asmo dituzten abisatu behar dute Europar Batasuneko komisario ohiek. Halakoetan erakundearen jardunarekin interes talkarik egonez gero, Etika Komiteak esku hartu dezake. 18 hilabeteak igaro ostean, zintzotasuna, diskrezioa, eta sekretu profesionalarekiko errespetua soilik zor dute komisarioek.

Justizia Auzitegiak presidente ohiaren pentsioa bertan-behera utz dezake, baina horretarako aurrez aipatutako printzipioak urratu beharko lituzke Barrosok. Orain artean, Bruselak ez du agertu auzitegietara jotzeko asmorik. Europako Komisioak adierazi duenez, Barrosok bere asmoen berri telefonoz eman zion Jean Claude Juncker egungo presidenteari.

Sozialista frantsesen delegazioak “bizi artean jasoko duen pentsioa kentzeko” eskatu du. Bien bitartean, Barrosok EBko instituzioekin aurrerantzean dituen “bilera guztien berri” emateko galdegin dio erakundeari. Azken aukera bezala, Goldman Sachsi dei egin dio kontratazioari uko egin diezaion. Bestalde, Europako funtzionarioek ohar bat kaleratu dute Europako Komisioari “erreakzio irmo” bat eskatuz: “Ez da interes talka soil bat; erakundearen ospea zikindu dezakeen egoera da”.