Durangoko Azokak, ateak zabalik

  • Abenduaren 5etik 8ra bitartean abian egongo da Durangoko Azoka. 49. urteurrena du aurtengoa, eta 150 ekitaldi prestatu dituzte lau egunotarako.


2014ko abenduaren 05an - 11:17
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Iaz 100.000 bisitari izan zituen Durangoko Azokak. (Arg: anboto.org)

Ohiko guneak mantentzeaz gain, harrera ona dutenak indartu dituzte aurtengo egitarauan, Ahotsenea esaterako. Zuzeneko musika emanaldiak eta solasaldiak karpa bakarrean egin ordez, bitan banatuko dituzte aurten. Ostiralean Enkore, Skakeitan edo Sustrajah Band-en musika entzun ahalko du gerturatzen denak.

Kulturgintzaren erronkei buruz gogoeta egiteko txoko bat ere sortu dute Azokan: Gogoetaren Plaza. Larunbatetik astelehenera bitartean elkarrizketa, solasaldi eta mahai-inguruak izango dira euskal kulturaren munduko sortzaile ezagunekin, tartean Gorka Urbizu, Maialen Lujanbio, Laura Mintegi eta Bernardo Atxaga.

Argizaiola saria Anuntxi Arana antropologo eta ARGIAko kolaboratzaileak jasoko du, egindako ikerketengatik eta Baionan AEKn irakasle bezala eta mugimendu feministetan egindako lanagatik.

ARGIAk ere stand bat izango du Landakon. Bertaratzen denak harpidetza egiteko aukera izateaz gain, hiru produktu nagusi izango ditu eskura: Kike Amonarrizen liburua, egutegia eta Munduko Herrien Mapa.  

Okzitania, herrialde gonbidatua

Okzitaniak izango du aurten protagonismoa Durangon. Frantzia hegoaldean dago kokatuta, Ipar Euskal Herriaren ondoan, eta hainbat dialekto izan arren, aranera baino ez da ofiziala Okzitanian.

Sergi Javaloyes idazle okzitaniarrak hitzaldia emango du ostiraleko inaugurazio ekitaldian, 18:30ean Areto Nagusian. Akitaniako Kontseiluko kide eta Okzitaniera Institutuko presidente ohia ere bada Javaloyes.

Egunez eguneko eta gunekako egitaraua, Durangoko Azokaren webgunean.

 


Eguneraketa berriak daude