Asteazkenetik igandera arteko egunak izango dira azokakoak eta horrez gain on-line denda mantendu egingo dute. Jadanik epea irekita dago webgunean, erakusmahaiak aolatu eta egitaraurako proposamenak egiteko.
Durangoko Azoka zabalik egongo den egunen berri eman dute: abenduaren 7tik 11ra izango da aurten: " Bost egunez euskal kultura eta sortzaileak gertutik ezagutu, kultur ekoizpenak eskuratu, euskal giroaz gozatu eta, euskal kultura ardatz dela, harremanak eta esperientziak bizitzeko aukera izango da", azaldu dute antolakuntzatik.
Pandemiak behartuta bi urtez azoka beste modu batean antolatu behar izan da, baina aurten ohiko moduan egingo dute eta, esaterako, asteazkenean Ikasle Goizak presentzialtasuna berreskuratuko du abenduaren 7an. Gainera, aurten ikasleez gain hezitzaileentzako jarduerak ere antolatu dira.
Horrez gain, mantendu egingo da online denda: "Aurtengoan ere erakusmahaia alokatzen duten eragile guztiek, modu presentzial eta digitalean parte hartuko dute Durangoko Azokan".
Azokan parte hartzeko izena emateko epea jadanik zabalik dago, bai erakusmahaiak alokatzeko eta baita egitaraurako proposamenak egiteko ere. Informazio guztia www.durangokoazoka.eus webgunean dago.