argia.eus
INPRIMATU
Duela urtebete hil zen gizon baten gorpua agertu da Gasteizko Alde Zaharrean
  • Auzokideek hainbat aldiz eman dute abisua etxebizitzatik ateratzen zen usainagatik; astelehenean joan ziren Gasteizko Udaleko teknikariak.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2018ko uztailaren 20a
Santo Domingo kalea, Gasteizko Alde Zaharrean. / Alea

Santo Domingo Bizirik plataformak jakinarazi duenez, joan den astelehenean gizon baten gorpua aurkitu zuten duela hamahiru hilabete hil zena. Auzokideek hainbat salaketa jarri dituzten arren, aste honetara arte ez dira etxebizitzan sartu.

Auzokideen arabera, duela 13 hilabete eman zuten lehenengo abisua. "Usain jasanezin bat ateratzen da, eta auzokideok uste dugu egoera desatsegina izateaz batera, osasun publikorako arazo bat dela; lehenbailehen neurriak hartzeko eskatzen dugu", ohartarazi zioten auzokideek orduan Udalari.

Santo Domingo kaleak eta auzoak bizi duen "utzikeria" salatu du plataformak, eta "hilerri bilakatzeraino" ahaztu duela Udalak. "Norbaitek imajinatzen du halako egoera bat Gasteizko beste edozein auzotan?", salatu dute ohar batean.

Albiste hau Arabako Aleak zabaldu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.