"Duela 30 urte, elebakarra zen Gasteiz; orain aberatsagoa da"

  • Beñat Garaio soziolinguistika ikerlaria Gasteizko hizkuntza aniztasunaz mintzatu da, larunbateko Anhitzak topaketaren bezperatan. 

Arabako Alea @ArabakoALEA  |  Itsaso Estarrona
2016ko apirilaren 14a
Be˝at Garaio soziolinguistika ikerlaria, Gasteizko Eskola kalean. Argazkia: Estitxu Ugarte.

Inork bere jatorrizko hizkuntzari uko egin behar izango ez dion Gasteiz baten alde egiten du Beñat Garaiok (Gasteiz, 1990). Horretarako, indarrak batzearen beharra azpimarratu du: "Borroka horretan denok bat egiten baldin badugu, emaitza hobea izango da guztiontzat". 

Zer aldaketa ekarri ditu hizkuntza aniztasunak Gasteizera? 

Bat-batean beste hizkuntza batzuk entzuten hasteak beldurra ekarri du, aniztasun guztiekin gertatu den bezala, erlijioa kasu, Mariturriko meskitari egindako erasoa adibide jarrita. . Integrazioari  buruz ari garela, zer egingo dugu: beraiek gurea ikasi bakarrik, edo gu ere saiatu behar gara haiena pixkat ikasten? Aldagai gehiago sartzen dira ekuazio honetan.

Beldurra aipatu duzu, baina, beldurra zeri? Kanpotik iritsitako hizkuntzek hemen orain arte hitz egiten zirenei kalte egiteko beldurra? Ala bertako hizkuntza ofizialak ez jakiteagatik jendea ez dela integratuko...? Zeintzuk dira beldur horiek?

Denetariko beldurrak ditugu. Adibidez, jatorriekin dauzkagun aurreiritzi berdinak errepikatzen ditugu hizkuntzekin, identitatearen ordezkari diren heinean. Zuk pentsatzen baduzu magrebtarrak islamista erradikalak direla, arabiera entzuterakoan pentsatuko duzu hiztun horiek islamista erradikalak direla. Edo pentsatzen baduzu errumaniarrak alferrak eta lapurrak direla, errumaniar hizkuntza ere horrekin lotuko duzu. Beste beldur bat da gaztelania edo euskara arriskuan egon daitezkeela pentsatzea. Hain zuzen, zenbaitek uste dute etorkinek beste oztopo bat jartzen diotela euskararen normalizazioari, eta ez da hala. Beldur mota asko daude, eta denei aurre egin behar diegu, beldurrarekin ez goazelako inora.

Hizkuntzen ezagutzei dagokionez, nork ikasi behar du zer? Kanpotik iritsitakoek hemengo bi hizkuntzak ikastea komeni da? Hemengo zenbait ere beste hizkuntza horiengana gerturatu beharko lirateke?

Eleaniztasuna guztiz bideragarria da, eta gure helburua, gizarte bezala, eleanitzak izatea izan beharko litzateke. Etorkinek edo haien seme-alabek haien hizkuntza ikasi behar dute, eta ondoren ahal dituzten beste hizkuntza guztiak barneratu, tartean eskolan ikasten dutena, gizartean entzuten dutena, eta etorkizunerako komenigarriak ikusten duten beste edozein. Eta bertakoei dagokionez, uste dut guk, euskaldunok, bizilagun bezala, gure bizilagunen berezitasunak ikastea komenigarria dela, enpatizatzeko eta harreman indartsuagoa lortzeko. Nik arabiera ikasiko banu, esaldi pare bat besterik ez balitz ere, mesedegarria baino ez litzateke izango.

Euskaldun askok euskararentzat oztopo estra moduan  bizi dute hizkuntza aniztasuna. Kezkatzeko arrazoirik al dago, ala ez?

Berez, ez du zertan kezkagarria izan behar. Kanpotik iritsitako pertsonek, eta euren seme-alabek, gizartean ikusten dutena egingo dute: euskaldunak zuzenean gaztelaniaz mintzatzen bagatzaie, pentsatuko dute euskara ez dela beharrezkoa, ez dela mesedegarria, eta gu izango gara bizkarra ematen ari gatzaien lehenak. Etorkinak ez dira erdaldun elebakarren ezberdinak: gizarteak transmititzen diena eta eurentzat mesedegarriena dena egingo dute. Euskaldunok harremana indartzen lortu behar dugu, ikus dezaten guk haien parte izan nahi dugula, eta haiek gure parte izan daitezen.  Bizkarra ematen badiegu, ordea, orduan bai sortuko da traba.

Zer onura dakartza hizkuntza aniztasunak?

Gora Gasteizek aldarrikatzen zuen bezala, kasu honetan ere kolorea aldarrikatzen ari gara: gizarte koloretsuago bat, anitzago bat. Duela hogeita hamar urte arte, Gasteiz elebakarra zen. Orain, ordea, aberatsagoa da, eta gaztelaniaz gain, beste hizkuntza asko dakizkigu. Gu denon hizkuntza ondarea handitu da. Hizkuntza ekologia aipatuz, gero eta hizkuntza gehiago gure ekosisteman, orduan eta ekosistema indartsuagoa izango dugu, eta aurrera egiteko aurreikuspen hobeak.

Zailtasunen bat ere ekarriko du egoera berri honek... ala ez?

Hizkuntza plangintza guztiek bezainbeste. Ez gehiago ez gutxiago. Euskal Herriko elebakartasuna ez zen bat-batean sortu: horren atzean plangintza bat egon zen. Berdin euskararen normalizazioarekin –ikastolak sortu genituen, adibidez–. Edozein hizkuntza-plangintza garatzeko, baliabideak behar dira; eleaniztasunaren aldeko plangintza batek kostuak izango lituzke, baina elebakartasuna ezartzeko ere kostuak egon ziren, eta oso handiak.

Nolako plangintza behar dugu, aniztasun hori kudeatzeko?

Ahalegindu gaitezke euskara bakarrik sustatzen, gerra gure kabuz egiten eta gehienez gizarte elebidun bat eraikitzen saiatu; edo, aldiz, saiatu gaitezke eleanitzak izaten eta etorkinen jatorrizko hizkuntzak aintzat hartzen, inork bere hizkuntzari uko egin behar ez izateko. Denok hizkuntza aniztasunaren alde borrokatzen baldin badugu, emaitza hobea izango da guztiontzat. Guztion artean errazagoa izango da aniztasuna mantentzea, hizkuntza bat bera ere kaltetu gabe.

Etorkin askok, edo euren seme-alabek, euren jatorrizko hizkuntzari uko egiten diote, integrazioaren izenean. Zer iruditzen zaizu? Ulergarria, kezkagarria...

Guztiz ulergarria da, haientzat lehentasuna euren ongizatea eta etorkizun ekonomikoa direlako. Haientzat garrantzitsua baldin bada ondo integratzeko gaztelania ikastea, hori egingo dute. Guk, euskaldun bezala, esan beharko genieke ez duela zentzurik euren hizkuntzari muzin egiteak, horrek ez dielako etekinik ekarriko. Ni pakistandarra baldin banaiz, pakistandar itxurakoa, beti izango naiz pakistandarra, gaztelania ikasten badut ere, eta beti diskriminatuko naute, gizarteak horrela jarraitzen baldin badu. Baina gizarte osoago bat eraikitzen baldin badugu, esanez, ados, gaztelaniaz gain, euskara eta nire ama hizkuntza barneratuko ditut, orduan diskriminatua izaten jarraituko dut? Agian, baina gutxienez ez diot nire izateari uko egingo.

Pena bat da, beraz, ama hizkuntzari uko egitea?

Bai, pena da, eta euskaldun gehienek hori bera egin zuten Estatu Batuetara emigratu zutenean. Zergatik uko egin norberaren hizkuntzari? Lortu behar duguna da gizarte osoago eta eraikitzaileago bat, eta inork uko egin behar ez izatea bere hizkuntzari, bere izaera guztiz onartua izango delako.

Nolakoa ikusten duzu etorkizuna Gasteizen, hizkuntzei dagokionez? Gaur egungo hizkuntza kopurua murriztuko al da?

Anhitzak bezalako ekimen batekin hauxe nabarmendu nahi dugu: orain daukagu aukera hizkuntzak eta gainerako aniztasunak(erlijioa, kultura...) modu ezberdin batean kudeatzeko, gizarte ezberdin bat eraikitzeko; etorkinei esateko euren aniztasuna behar dugula. Orduan, aukera izango dugu Gasteiz aberats bat izateko. Aldiz, ez badugu gizarte berri bat eraikitzen... jai daukagu.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

Kanal hauetan artxibatua: Euskara Araban  |  Euskalgintza  |  Gasteiz

Euskara Araban kanaletik interesatuko zaizu...
Araba euskaldunagoa, baina...

Asier Etxenikeren hitzak dira, Alea aldizkarian jasoak: “Gure ingurua uste duguna baino euskaldunagoa da, baina horretaz jabetu behar gara euskaldunak, kontzientzia hartu behar dugu eta euskaraz bizitzeko ditugun aukerak baliatu...”

Ideia hori erabat berretsi zen Gasteizen, Euskaltzaindiak egindako XXII. Jagon Jardunaldian. Hantxe azaldu bezala, VI. Inkesta Soziolinguistikoak erakutsi du 16-30 urte bitarteko lau arabarretik hiru euskaldunak direla. Euskararen erabilera orokorra,... [+]


Urte berean bigarren topaketak egingo dituzte

Urtebeteko tarterik ere ez dute hartu bigarren topaketak egiteko. Lehenengoa 2017ko urtarrilaren 28an egin zuten eta bigarrena azaroaren 18an egingo dute.  Ez da seinale txarra. Haizea Alonso Aberasturik eta Jon Insausti Bizkarrak errepikatu egingo dute. Urtarrileko topaketetan oso ondo pasa zuten eta orain gogoz eta jakin-minez gerturatuko dira Gasteiza.


2017-11-10 | Hala Bedi
Araban, euskararen biziberritzean gako izan diren 16 geltoki

Araban euskararen biziberritzeak egin dituen pausoen inguruan berbaldi bat enkargatu zioten Vigoko unibertsitatekoek Txerra Rodriguez soziolinguistari, gero, Santiagoko unibertsitatean ere gauza bera errepikatzeko. Azkenean, galdera horri zuzenean erantzuna eman beharrean, 16 geltokiko bidaia proposatu du Araban barrena ARGIAko blogean.


2017-11-07 | Hala Bedi
Azaroaren 18an ospatuko dituzte Arabar Gazte Euskaltzaleon II. Topaketak

Oihaneder Euskararen Etxean hasiko dira jardunaldiak, Gasteizko beste gune batzuetan jarraituz egitarauarekin. “Ezinbestekotzat jotzen genuen sare bat sortu genuen, elkar elikatzeko, elkarren eredu izateko, elkarri hazten laguntzeko, elkarrekin borrokatzen jarraitzeko”, adierazi dute.


2017-09-24 | Axier Lopez
"Lehen patatero deitzen ziguten mespretxuz, orain harro esaten dugu"

Aurtengo ARGIA Egunak Gasteizen lur hartuko du urriaren 7an. Hiriburu batean egiten dugun lehen aldia da. Eta ez da kasualitatea Arabakoa aukeratu izana. Ezer gertatzen ez den 8. lurralde erdaldunean. Hori diote aurreiritzi zaharrek. Eta, ohi bezala, egia ezkutatzeko besterik ez dute balio. Arabako gure konplizeek ondo baino hobeto dakite hori. Igor Goikolea eta Maialen Kortabarria (Hala Bedi) eta Aritz Martinez de Lunarekin (Alea) hitz egin dugu.


2017-09-15 | Arabako Alea
Mintzalagun talde bat sortu nahi dute ikasturte berrian Trebi˝un

Irailaren 22ra arte eman dezakete programarako izena udaletako euskara zerbitzuan.


"Erabilera da erronka, ezagutza eta motibazioa ahaztu gabe"

Bereziki ezagutza altua den taldeetan erabilera indartzea da helburu nagusia, Leire Sueskun Arabako Errioxako euskara teknikariaren arabera; esparru desberdinetara heltzeko, "baliabide gehiago" eskatu ditu.


Lehen aldiz elkartu dira zazpi kuadrillatako euskaltzale gazteak

60 arabar gazte euskaltzale elkartu ziren urtarrilaren 28an Gasteizen. Topaguneak zirikatzaile lana egin zuen, elkar ezagutzen ez zuten euskaltzaleek topo egin zezaten. Helburua xumea zen, elkartzea eta gozatzea. Añanakoak salbu, gainerako kuadrilla guztietako ordezkariak izan ziren.


2017-01-22 | Estitxu Ugarte
Jauzi egiteko aukera Araban

Arabarren %20 elebidunak dira baina hiru laurdenarentzat gaztelania da lehen hizkuntza; ikerketa batek berretsi du aukera dagoela errotuta dauden hizkuntz ohiturak aldatzeko eta euskararen erabileran urrats handiak egiteko.


2017-01-17 | Topatu.eus
Arabako gazte euskaltzaleen topaketak egingo dituzte urtarrilaren 28an Gasteizen

Esperientziak trukatzeko asmoz egingo dute jardunaldia, "Arabarra, gaztea, eta euskaltzalea. Bai eta zer?" lelopean. Arabako kuadrilla guztietako gazteak hurbilduko dira Oihaneder Euskararen Etxera.


Eguneraketa berriak daude