argia.eus
INPRIMATU
Dozenaka mila herritar kalera atera dira Valentzian “bidezko finantzazioa” eskatzera
  • Valentziako Gobernuak, PSUV, Compromis, CCOO, UGT, Valentziako enpresarien elkarteak eta beste hamaika elkartek deitu zuten manifestaziora larunbaterako. Bidezko finantzazioa “exijitu” zioten Espainiako Gobernuari.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko azaroaren 20a

Espainiako Konstituzioaren inguruan “eztabaidatzeko” komisio bat martxan jarri berri duten honetan, etxeko lanak pilatzen ari zaizkie Espainiako agintariei. Estatu ereduaren inguruko eztabaida Espainiako politikaren erdigunean kokatu du azken hilabete eta urteetan Kataluniako prozesu subiranistak. Badira ordea, auzi horren inguruan nabarmentzen hasi diren bestelako ahotsak ere, Valentzia da horietako bat.

Larunbatean dozenaka mila herritar atera ziren kalera, Valentziako gehiengo politiko, sindikal eta instituzionalaren deiari erantzutera. “Valentziak bidezko finantzazioa exijitzen du” ageri zen pankartaren atzean sentsibilitate politiko askotako herritarrak elkartu ziren. Pankartari eusten Ximo Puig Valentziako presidentea eta Monica Oltra presidenteordea zeuden besteak beste. “Egun historikoa” izan zen larunbatekoa antolatzaileen ustez.

Eredu federalaren aldeko jarrera adierazi zuen Ximo Puig (PSUV) Valentziako presidenteak manifestazioaren amaieran egindako adierazpenetan. Mari Carmen Sánchez Valentziako herritarren eskubideen defendatzaileak azpimarratu zuen “finantzazioaren auzia” ez dela “auzi alderdikoia” Valentziar guztiei eragiten baitie.

Mariano Rajoyren alderdiak esana du ez duela “Espainiako Konstituzioa aldatuko inola ere”. Arazoak, ordea, pilatzen ari zaizkio. Ekonomikoki bideragarria izan dadin, modu batera edo bestera Estatuaren egituraketa politikoa moldatu beharra baitauka Espainiak, hala eskatzen diote geroz eta lurralde gehiagok. Rafael Catalak duela aste gutxi Bilbon esan zuen “Estatuak autonomien esku utzitako eskubide batzuk berreskuratzeko garaia” izan daitekeela. Birzentralizazioaren eta autonomia handitzea eskatzen dutenen balantzan pieza berri bat gehitu da: Valentzia.