Nafarroako Komiki Azokaren 12. edizioa irailaren 3tik urriaren 3ra bitartean egingo da Iruñean eta, aurten, lehenago ere egin bezala, Lizarran ere bai. Tiza kolektiboak antolatzen du.
Hainbat egileren lana ezagutzeko parada izango da, dozena bat erakusketa, mahai-inguruak edota Mikel Santos 'Belatz'-en El Tesoro de Lucio komikiari buruzko ikuskizuna medio. David Rubín, Laura Pérez, Begoña Cía, Antonio Altarriba, Rafa Ramos, Mikel Santos 'Belatz', César Oroz, Carlos Azagra eta Irati FG dira aurtengo kartelak biltzen dituen izenetako batzuk.
Ume eta helduentzako tailerrek, proiekzioek, kontzertuek eta beste hainbat egitasmok osatuko dute egitaraua. Halaber, bi obraren edizioa bultzatuko da: Zart! komiki kolektiboaren 3. zenbakia, eta Javier Mina eta Pedro Osés autoreen 150 años de la Comuna de París fanzinea.
Egoitza nagusia Iruñeko Kondestablearen jauregia izango da. Hiriburuko Gayarre antzokiak eta Geltoki espazioak, eta Lizarrako Karlismoaren Museoak ere hainbat ekitaldi jasoko dituzte.
Egitaraua datozen egunetan borobilduko dute antolatzaileek.