argia.eus
INPRIMATU
Dopina
Jon Otermin Benito @jonmaya10 2025eko abuztuaren 25

Sentitzen dut, baina kosta egiten zait sinestea. Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak analisi batean positibo eman izanak berriro azaleratu du kirolean existitzen den dopinaren inguruko eztabaida. Eliteko kirolean, hobeto esanda; eta horra hor auziaren gakoa. Kirolari profesionalak euren jarduerarekin bizimodua ateratzen duten pertsonak dira, eta historiak maiz irakatsi digu helburu batek bitarteko guztiak bidezkotzen dituela. Edozein trikimailuk balio du arrakastaren mesedetan.

Iruditeria kolektiboan ziurrenik txirrindularitza izan dela debekaturiko substantziak erabiltzeagatik gehien zigortu duten diziplina, nahiz eta atletismoa izan benetan txapela merezi duena. Hala ere, ez da kirolik egon ardi beltzak izatetik salbu: Lance Armstrong, Diego Armando Maradona, Marta Dominguez, Alberto Contador, Canelo Alvarez edo Maria Sharapova, besteak beste. Elastiko bera jantzi dutenez, berehala datorkigu burura Carlos Gurpeguik 2006an emandako positibo entzutetsua.

Egia da Yerayk jasan zuen minbizia zorigaitza izan zela, baina horrenbeste denboraren ondoren aitzakia aproposa izan daitekeela otutzen zait. Alopezia tratatzeko substantzia batek eragindako "giza akats" bati buruz hitz egiten dute. Zaila da sinestea hain neurtuta dagoen eta hainbeste langile protagonisten zain dauden futbol munduan horrelako irristadak gerta daitezkeenik. Kontua ez da klubaren bertsio ofizialari leial izatea edo "traidore" bat izatea, askok Ibaiganetik diotena zalantzan jartzen duen edonori egotziko dioten bezala.

Besterik gabe, ezin dut jite honetako argudio lausoetan federik izan, engranaje handiak atzetik dauden bitartean bederen. Gogorra da, baina UEFAk kontrakoa esan arte Yeray errudun izanen da.

Jon Otermin Benito