argia.eus
INPRIMATU
DonostiBus-ek eskatutako tokietan geldialdiak egingo dituen gaueko zerbitzua jarriko du proban
  • Proiektu pilotua asteburu gauetako Gautxori lineetako batean jarriko da proban, emakumezkoei eta adin txikikoei zuzenduta.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 15

Aurreikusitakoaren arabera, Donostiako autobus publikoen konpainiak ekainean jarriko du proiektu pilotua martxan. Mirakontxa-Benta Berri-Seminario ibilbidea egiten duen Gautxori B8 linearekin egingo dute proba, eta 18 urtetik beherakoek zein emakumeek geraleku ofizialen arteko beste puntu batzuetan geratzea eskatu ahal izango dute. Zerbitzu hau “autobusean bidaiatzerakoan hauen segurtasuna hobetzeko helburuarekin” jarri da frogan, Donostiako Udalak esandakoaren arabera.

Hiriko mendebaldetik ibilbidea egiten duen B8 lineak gaueko zerbitzua eskaintzen du ostiral eta larunbatetan, eta ibilbideak bere baitan hartzen dituen “zenbait kaleren nolakotasunengatik, egokitzat hartu da sistema probatzea”. Zehazki, ibilbidez kanpoko geldialdiak hurrengo kaleetan egin ahal izango dira: Sanserreka, Pío Baroja, Pinu Bidea, Heriz Pasealekua, Marañon Doktorea, Donostizarra, Portuene eta Jauregia.

Proba egin ostean, eta emaitzen arabera, baloratu egingo da zerbitzu hau Gautxori zerbitzuen beste linea batzuetan ezarri daitekeen edo zerbitzuaren konfigurazioa birplanteatu behar den.