argia.eus
INPRIMATU
Oñatiko egoitza batera mugituko dituzte Donostian kale egoeran bizi ziren migratzaile maliarrak
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Oñatiko Arantzazu egoitza eskaini dute maliar migratzaileentzat. Bertan geldituko dira Espainiako Gobernuak haien asilo eskariak ebazten dituen bitartean.

Jon Fernández González 2025eko abuztuaren 08a
Maliarrek bazkari bat antolatu zuten auzokoei eskerrak emateko. Orain.eus

Donostiako Amara Berri auzoan kale egoeran zeuden Maliko migratzaileek aterpe hartuko dute Oñatiko Arantzazu egoitzan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak ostegunean jakinarazi dutenez. Auzoko plaza bateko karrerapean bizitzen egon dira, haietako batzuk bi hilabete baino gehiago. Arantzazuko egoitzak 50 lagunentzako espazioa du; kale egoeran dauden maliarrak horrenbeste dira. Bertan egongo dira Espainiako Gobernuak euren asilo eskaerak ebazten dituen artean.

Kalean daramatzaten bi hilabete luzeetan, auzokoek eta erakundeek lagundu dituzte maliarrak: elikagaiak, arropa eta mantak eraman baitituzte. Maliarrek eskerrak emateko ekitaldiak, musika eta te tradizionalak eskaini dizkiete auzokoei. Naizek migratzaileekin hitz egiteko tartea izan du, eta maliarrek adierazi diete auzokoek "oso lagunduak" sentiarazi dituztela, baina "oso kezkatuta" egon direla, asilo eskaeraren inguruko ziurgabetasuna dela eta. 

Espainiako Gobernuari dagokio asilo ematearen ebazpena, aldundiak eta udalak  egoera "kezkagarria" dela adierazi eta gobernuaren immobilismoa kritikatu dute, ez baitu "inolako urratsik" eman. Bi erakundeek salatu dute: "Estatuko harrera sistema nahikoa ez izateak zaurgarri uzten ditu dozenaka  migratzaile"