Elkarretaratzea egin dute sei falangistak Donostian, "ETAko biktimen omenezko lore eskaintza bat" egiteko. Jarkik ekitaldiaren aurka mobilizatzeko deia egin du, eta hainbat gazte bertaratu dira, "faxismoaren aurrean Euskal Herri langilea antolatu" lemapean.
Sei falangistak elkarretaratzea egin dute ostegun arratsaldean Donostian, eta Jarkik deituta hainbat pertsonak ekitaldiaren aurka egin dute, "Faxismoaren aurrean Euskal Herri langilea antolatu" lemapean. Ertzaintzak ultraeskuindarrak babestu ditu, eta antifaxisten aurka oldartu da.
Gutxienez Ertzaintzaren sei furgoi bertaratu dira Alderdi Ederrera, eta zintaz banatu dituzte faxistak eta antifaxistak. Tentsio uneak izan dira Poliziaren eta mobilizazio antifaxistaren artean. Behin ekitaldia amaituta, Ertzaintzaren babespean egin dute alde falangistek.
ETA, ni olvido ni perdón liburuaren aurkezpena
Hasiera batean, ETA, ni olvido ni perdón liburua aurkeztekoak ziren Donostiako Club Cantábrico elkartean, SND argitaletxeak antolatuta. Gerora, ekitaldia Bilboko Ercilla hotelera lekualdatu zuten, ondoren Leioako La Avanzada hotelera, baina azkenean ez dute liburuaren aurkezpena inon egiterik izan, Jardunek azaldu duenez. Ekitaldi horiek bertan behera gelditu aurretik, Jarkik liburuaren aurkezpenean ere mobilizatzeko deia egina zuen, baina aurkezpenik ez denez izan, elkarretaratzeak ere bertan behera utzi dituzte. Azkenik, Alderdi Ederren "ETAren biktimen omenezko lore eskaintza" baino ez dute egin falangistek.
Martin Saenz de Ynestrillas falangista, Alvaro Romero frankista eta Jesus Longueira Espainiako Poliziako agente ultraeskuindarrak egin behar zuten liburuaren aurkezpena. Donostiako Udalak "probokaziotzat" jo zuen ekitaldia: EH Bilduk aurkeztu zuen adierazpena bozeramaileen batzordean, eta alderdi guztiek alde bozkatu zuten, PPk izan ezik.