Urtarrilaren 24an, arratsaldeko 18:00etan egingo dute irekitzeko festa Donostiako Intxaurrondo auzoan. Artatxiki Biogunea produktu ekologikoak eta bertakoak kontsumitzea bultzatzen duen elkartea da. Irekieran Jakoba Errekondok Elikadura Burujabetza Euskal Herrian hitzaldia emango du, ondoren Artatxiki elkartearen proiektua aurkeztuko dute bertako kideek eta azkenik dendako hainbat salgai dastatzeko aukera egongo da.
Artatxiki Biogunea elkarteak zabalduko duen denda Intxaurrondo kalean dago, 54. zenbakian. Denda honen bidez, bertako ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena indartu nahi du elkarteak, "amalurrarekin eta osasunarekin bateragarria den kontsumo jasangarri eta poltsiko guztientzako ekonomikoki eskuragarri bat sustatuz".
Irekiera ekitaldia irekia izango da elkarteko bazkide, auzokide eta interesa duen pertsona ororentzat.