argia.eus
INPRIMATU
Donostian bere ilobari sexu-erasoak egitea egotzita, bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati
  • Erasotzaileak onartu egin ditu gertakariak, eta Fiskaltzak eta akusazio partikularrak hasieran egindako 13 urteko kartzela-zigor eskaera murriztea onartu dute. Donostian bizi ziren erasotzailea eta biktima, beste hainbat heldurekin batera.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 31
Asteartean izan da epaiketa, Gipuzkoako Auzitegi Nagusian. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gizon bati bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote, Donostian 13 urteko ilobari hiru sexu-eraso egitea leporatuta. EITBk jaso duenez, Gizonak aitortu egin du gertatutakoa Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Sekzioko epaiketan, eta, horregatik, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak hasierako zigor eskaerak murriztea onartu dute. Hamahiru urteko kartzela-zigorra eskatu zuten hasieran.

Erasoak 2020ko ekaina eta iraila bitartean egin zituen Donostiako etxebizitza batean, fiskalaren akusazio-idazkiaren arabera. Han bizi ziren erasotzailea eta biktima, beste hainbat heldurekin batera.

Espetxe-zigorraz gain, gizonak ezin izango du ilobarengana hurbildu edo harekin komunikatu zazpi urtez, eta 6.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio. Horrez gain, espetxetik atera ondoren zazpi urte eta bederatzi hilabetez zaintzapeko askatasun-egoeran egon beharko du.