"Donostiako Zinemaldian egotea niretzako saria da"

  • Irailaren 21ean hasiko da 65. Donostiako Zinemaldia. Erakutsiko diren pelikulen artean Iñigo Garcia zumaiarrak idatzi eta zuzendutako Bi txirula egongo da. Zinemira sailean estreinatuko da eta Irizar sarirako lehian izango da. Erakusleiho honetan parte hartzeagatik pozik eta, aldi berean, urduri dagoela adierazi digu.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko irailaren 14an - 16:42

Pelikula hau dela eta Iñigorekin egiten dugun bigarren elkarrizketa da honakoa. Haurrekoa martxoan egin genuen, muntaketa lanak amaitzekotan zela (hemen irakurri dezakezue). Ordutik postprodukzio lanak amaitu ditu eta Donostiako Zinemaldiak hautatu du datorren ostegunean hasiko den aldian erakusteko. Arrazoi ezin hobea berriro elkartzeko eta zineaz hitz egiteko.

Martxoan egin genuen elkarrizketan oraindik pelikula bukatu gabe zenuen. Pelikularen iraupenarekin zalantzak zenituen eta postprodukzio lanekin hasi behar zenuen, bai kolorearekin, baita soinuarekin. Zer gertatu da ordutik?

Kolorea eta soinua hobetzeko postprodukzio lanak egin zitzaizkion pelikulari. Azken aldian, pelikuletan, kolore hilak erabiltzen dituzte. Berez grabatutako materialak kolore asko zuen, baina erabaki genuen oraindik eta gehiago indartuko genuela. Artadin grabatutako irudiek koadro errenazentistaren itxura ere bazuten: kolore eta kontraste askokoak ziren, ilun askorekin. Adrian Hernandezi pasa genion prozesua egiteko eta gustura gaude emaitzarekin. Handia pelikulan ere lan egin du. Soinu aldetik, Iosu Gonzalezek egin ditu lanak. Zarautzen du estudioa eta honetara dedikatzen da. Estudiora joan ginenean harrituta geratu nintzen: eskopeta, telefonoa eta beste hainbat gauza zituen soinu efektuak egiteko. Orain Erremintari pelikularekin dabil lanean eta kristoren lana egin du gurekin. Beraiek lanean ikustea ere niretzako aberasgarria izan da, ikasteko eta jakiteko hurrengoan zeri eman behar zaion garrantzia gehiago eta zeri gutxiago. 

Esan daiteke pelikula gorpuztu egin dutela postprodukzioko lan hauek.

Bai, bai. Pelikula osatzen duten elementu guztiek dute garrantzia, baita xehetasunek ere. Landuta ez zegoen audio hori lantzerakoan, agian, sinesgarritasun handiagoa eman dio pelikulari. Zine bihurtzen dute. Beste maila batera eraman dute.

Donostiako Zinemaldian hartu dute zure pelikula. Nola izan da prozesua?

"Ez nuen inongo konpromisorik, inoren diru-laguntzarik ere ez, eta libre izan naiz zentzu horretan"

Zine jaialdi guztietan bezala, izen-emate orri bat bete eta pelikula bidali genuen. Oso pozik nago hautatu gaituztelako. Pelikula bukatzen duzu, gustura zaude amaitu duzulako, baina oso erraz gertatu daiteke ez aurkitzea plataforma bat pelikula erakusteko. Pentsa dezakezu zure pelikula ondo dagoela, baina, gero hautatze prozesua dago eta loteria izan daiteke, eta gerta daiteke inon ez erakustea. Pelikula asko egiten dira, pelikula asko jasotzen dituzte zinemaldietan, eta oso gustura nago horregatik. Ez dakit beste nonbaiten erakutsiko den, baina Donostian, behintzat, ikusiko da.

Pixka bat urduri ere banago ikusleen harrerarekin. Lehenengoa gustura geratu behar duena pelikularekin ni naiz. Hala egin dut pelikula: ez nuen inongo konpromisorik, inoren diru-laguntzarik ere ez, eta libre izan naiz zentzu horretan. Hala ere...

Baina, pelikula batek ikusleak behar ditu, bestela zentzu handirik ez du.

Nik uste halako gauza bat egiten duzunean zuk zure gustura egin behar duzula. Zuri emozionatu behar zaitu, bestela ez dakizu zer helbururekin egin. Elkarrizketa batean esan zidaten ez zela komertziala. Ez dakit komertziala den ala ez, nik gustatzen zaidana egin dut. Jakingo banu komertziala dena egiten, egingo nuke! Inork ez daki zein den gakoa. Emozionatzen nauena egiten saiatu naiz. Gero, noski, besteengana heltzea nahi duzu. Badakit egongo dela jendea pelikula ez zaiona gustatuko, hori pelikula denekin gertatzen da, baina pelikula honekin edo, hobe esanda, estilo honetako pelikularekin espero daiteke hori gertatzea. Hori hala gertatzen bada, kapaz izan behar dut hori onartzeko. Baina, espero beste batzuei gustatzea.

Jon Elizalde eta Iker Hazas dira protagonistak. Bat hiztuna, bestea isila.

"Protagonistak proba bezala grabatu genituen hasieran, jakinda funtzionatuko balu pelikulan sartuko litzatekeela"

Pelikula hau horretan ere berezia izan da. Pertsonaietatik jaio da. Jon ezagutzen nuen eta Iker ere bai. Era bateko pelikula nuen buruan eta pentsatu nuen bi hauek, nahiz eta aktoreak ez izan, funtzionatuko zutela pelikula batean eta bien arteko kimika hori lortu dugu. Hala hasi ginen grabatzen. Proba bezala grabatu genuen, baina jakinda funtzionatuko balu pelikulan sartuko litzatekeela. Artadin grabatu genuen eta pelikulako lehen planoak dira, baita trailerrerako erabili ditugunak. Materiala hartu, etxera joan ginen eta ikusi genuen. Txipi (Jose Luis Barredo, argazki zuzendaria) eta biok geunden eta barrez hasi ginen. Gustatu zitzaigun eta aurrera jarraitu genuen. Funtzionatuko ez balu ez zen pelikularik egongo, ez ginateke jende gehiagoren bila hasiko. Pelikula bi pertsona hauek ziren. Ez dut esango pantailan agertzen direnak beraiek direnik, baina pertsonaiek beraien izenak dituzte: Jon Elizalde, Jon da pelikulan eta Iker Hazas, Iker.

Bi pertsonaia hauek egiten duten bidaia kontatzen duzu.

Konbertsazio puntualak daude, baina gehiago da bidaia bat. Zinean gustatzen zaidan diskurtso horretan sakondu nahi izan dut. Hori da nik egin nezakeen pelikula. Zine puru horretatik asko jan dut nik. Pelikula xumea da, baina plano denak oso landuta daude. Saiatu naiz, baita ere, ahalik eta plano gutxienekin istorio bat kontatzen.

Jonek eta Ikerrek ikusi al dute?

Bai, eta gustatu zaie. Jonek Euskadi Kulturan egindako elkarrizketa batean zioen pelikula batean su-jaurtigailu bat eta emakume eder bat agertzen ez bazen, berari ez zitzaiola gustatuko! Pelikula bukatzean esan zidan: “Hau zinea da!”. Joni paper hori egitea gustatzen zaio, baina badu sentsibilitatea, musikaria da, pila bat daki. Oso argia da.

Zumaian erakutsiko duzue pelikula, baina oraindik ez dago data zehaztuta. Zinemaldia amaitu ondoren, zer? Nonbaiten ikusteko aukera izango al da?

Ez dakit. Jaialdietara aurkezten ari naiz, baina uste dugu zaila izango dela. Zine forumen zirkuitua izan daiteke pelikula honetarako bidea. Ez dakit zer gertatuko den. Akaso, banatzaile batek Donostian ikusiko du, gustatuko zaio eta banatu nahiko du. Badakit ordaintzen badiezu banatzen dutela, baina nik ez dut diru gehiago gastatu nahi. Hemendik aurrera, ikusiko dugu.

Pelikula bukatzearekin, behintzat, lasaitu galanta hartuko zenuen.

Bai, pelikula bukatu dut eta hori zen nahi nuena. Erakusleiho bat ere izango du Donostian. Ez dakigu nork ikusiko duen, baina han egotea guretzako saria da. Zumaiako jende pila batek lagundu gaitu eta polita da hori. 

Portzierto, Bi txirula izenburua nondik dator?

Nahiko anekdotikoa da. Pertsonaietako batek, Jonek, txirula jotzen du –hori da pelikulako soinu banda, gainera; ez dago beste musikarik–. Horrek pelikulari lotura ematen dio. Gero, konturatu naiz pertsonaiak bi direla. Zumaiako eszenetan beste bi pertsonaia agertzen dira, Francisco eta Isabel. Bidaiak ere bi fase bezala ditu. Bi untxi eta bi amuarrain ere agertzen dira. Dena biren bueltan doa. Pelikulari Bi txirula izena jartzeak badu zentzua. Dena nahi gabe joan da. Konturatu naiz laburmetraiak egiten nituenean ere bi elementu agertzen zirela

Jendearen laguntza azpimarratzen zenuen, bai taldean, baita kamera aurrean ere.

Niretzako izugarria izan da. Bestela ezingo nuke halako pelikula bat egin. Adibidez, Zumaian grabatu genuenean lau egun genituen grabatzeko, eta normalean oso urduri jartzen banaiz ere, asko disfrutatu nuen. Jende pila izan nuen inguruan lanean, Basustako Joxe Manuel Osak kaxeta eta baratza utzi zigun... Gainera, abuztuan izan zen, Jonek eta Ikerrek oporrak zituzten eta hor aprobetxatu genuen lau egun jarraian lan egiteko. Jende askoren opor egunak ziren eta lau egun halako gauza batean pasatzea, emozionatu egin ninduen.  

Bidaiak merezi izan al du?

Bai. Guztira bi urteko lana izan da. Audioko postprodukzioa egin duen Iosuk esan zidan: “Orain mugitu pelikula! Egin duzun lanaren adina egin behar duzu orain”. Baina, erreta bukatu dut. Kristoren lana izan da, baina hala bukatu dugu. Galdetzen didate ea beste pelikula bat egingo dudan. Pentsatu ere ez dut egiten. Azkenean ordu pila bat sartzen dituzu. Niretzako kristoren lana da eta oso garbi izan behar dut berriro horretan sartu nahi dudan edo ez. Merezi izan duen? Bai, niretzako bai. Gainera, hor nuen beti pentsakizun hori ea pelikula bat egiteko gai izango nintzen. Egin dut, nire gustukoa da, orain ikusiko dugu besteei ere gustatzen zaien. 

Elkarrizketa hau Baleikek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2017
Zinemaldiko Publikoaren Saria: Barretik negarrera

Jendeak barre egin nahi du, eta negar; sentitu, emozionatu. Beharbada horregatik irabazi du tragikomedia batek Publikoaren Saria.


Desastrearen, emakumeen eta 'Handia'-ren Zinemaldia

James Francoren Urrezko Maskorra, Anahí Berneriren eta Sofía Galaren zilarrezkoak eta Handiak jaso duen Epaimahaiaren Sari berezia dira aurtengo palmares ofizialeko puntu nabarmenenak.


Publikoaren Saria / Barretik negarrera

Jendeak barre egin nahi du, eta negar; sentitu, emozionatu. Beharbada horregatik irabazi du tragikomedia batek Publikoaren Saria.


'The disaster artist' filmarentzat Urrezko Maskorra, 'Handia' ere saritu duen Zinemaldian

James Franco zuzendariaren The disaster artist filmak irabazi du Donostiako Zinemaldiko film onenaren Urrezko Maskorra. Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia filmak Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu du.


Perlak / "The Leisure Seeker". Zaharra, baina bizirik

Bai, zaharrek ere desio sexuala dute, eta bizitzaz gozatu nahi dute, maitasunaz. Eskubidea dute erokeriaren bat egiteko, euren kabuz erabakitzeko, aske izateko… eta gustuko ditugu hori guztia gogorarazten diguten filmak.


Eguneraketa berriak daude