"Beharrezkoak ez diren proiektuekin donostiarrak ez zorpetzea" eskatu dio elkarteak udal-gobernuari, Santa Klara uhartea urbanizatzeko xedea ezeztatzeko deia berretsiz. 4,2 milioi euro ditu egitasmoari bideratzekoak Donostiako udal-gobernuak.
Donostiako Santa Klara uhartean egin nahi den eskulturarako dirutza publikoa bideratzea "defendaezina" eta "zentzugabea" dela dio Parkea Bizirik Kukulunbera Donostiako naturzaleen elkarteak, udal-gobernuari bidalitako gutunean. Are gehiago, ondokoa gehitzen du: "Dirutza horrek, hiriko dendetako langileen atsekabe ekonomikoak arintzeko ematen diren laguntza hutsal eta barregarriekin alderatuta, frustrazio handia sortzen du, Donostia osatzen duten kale eta herrietako merkataritza-sarea bizirik mantentzen duten langileei ilusioa eta energia kenduz".
Izan ere, eskulturaren eraikuntzaren proiektuak "uhartearen artifizializazio masiboa" ekarriko duela adierazi du elkarteak behin baino gehiagotan. Koronabirusaren izurritearen krisian egitasmoa bertan behera utzi beharra argi du elkarteak. Udal-gobernuak egitasmoarentzako bideratu nahi dituen 4,2 milioi euroak hiriko saltoki txikiak laguntzeko izatea nahi du Parkea Bizirik-ek. Ideia horri segi, "beharrezkoak ez diren proiektuekin" donostiarrak ez zorpetzeko eskaera zuzentzen dio ere.
Apirilean ere eskaera bat luzatu zion elkarteak: Santa Klarako lanak uztailaren 31era arte eteteko eskatu zion, izan ere, irlako itsas hegaztien ugalketa denboraldia oztopatzen dutelako. Ingurunea zaintzeko eta babesteko gisan, gunea eta bere inguruari Biotopo Babestuaren irudia ematea ere galdetzen dio udal-gobernuari.