argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Udaletxea inguratuko du giza kate batek, metroaren proiektuan herritarrei ahotsa ematea eskatzeko
  • “Inposaketaren aurkako eta parte hartzearen aldeko” martxara deitu du Satorralaiak, Donostian metroa egiteko egitasmoari aurre egiteko sortutako  mugimenduak. Asteazkenean hasiko da mobilizazioa, 17:30ean Gipuzkoa Plazan, eta Alderdi Ederrera iritsitakoan giza katea antolatuko da Udaletxeko eraikina inguratzeko.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 19a
Desjabetzeen aurkako elkarretaratzea, Udaletxe aurrean. (Arg.: Satorralaia)

Satorralaiak adierazi du bi aldiz eskatu diotela Eneko Goia Donostiako alkateari metro pasantearen proiektua gelditu eta “Donostiako garraio publikorako irtenbide egokienaren inguruan bide parte-hartzaileak irekitzeko”, baina bietan jaramonik egin ez diela.

Aldundiak, berriz, ezezkoa eman zion 9.000 donostiarren izenpeekin batera aurkeztutako herri galdeketa eskaerari. Hala esan dute Satorralaiako kideek gaur goizeko 10:00etan, Donostiako Udaletxeko atari aurrean egindako elkarretaratzean. Ordu horretan, hain zuzen, hainbat herritarrek zuten nahitaezko desjabetze-akta sinatzeko hitzordua, Eusko Jaurlaritzak deituta.

Satorralaiak zilegitasuna kendu die desjabetza horiei, “jendartearen gehiengoak zalantzan jartzen dituelako Metroaren beharrizan soziala eta interes publikoa”. Obretarako Erdialdeko 20.000 metro koadro inguru bereganatuko  dituztela adierazi dute mugimenduko kideek.