argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Udalak urbanismo arauak aldatuko ditu etxe atariak seguruagoak izan daitezen
  • Sexu erasoak saihesteko beirazko hormak, argiztapen egokia eta ahalik eta zoko eta zutabe gutxien exijituko ditu Udalak.

ARGIA @argia 2017ko urtarrilaren 27a
Atariko hormen %75ek kristalezkoa izan beharko dute.

Eitb.eus-ek Donostiako Morlans auzoko etxebizitza sorta erakutsi du. Berriak dira eta bizilagunek, batik bat emakumeek, kexa adierazi dute. Inguru horretan jende gutxi ibiltzen da eta etxe atariak atzealdetik daude, ondoan mendia hasten da. Etxebizitzak diseinatzen dituztenek halako ezaugarriak kontuan hartzen ez dituztenez, Udalak neurriak hartzea erabaki du. Besteak beste, etxe atariaren %75ak kristal gardenezkoa izan beharko du, zutabeak eta zokoak saihestu beharko dira, eta beti argiztatuta egon beharko dute.

Ana Alonso arkitektoaren iritziz, etxebizitzak eta inguruak gizonek pentsatuta, diseinatuta eta eraikita daude eta haiek haien bizi esperientziatik egiten dituzte. Espazio publikoa diseinatzerakoan emakumeen aurkako indarkeria ez da kontuan hartzen.

Kalea, genero ikuspegia eta beldurra

¿La calle es mía? Poder, miedo y estrategias de empoderamiento de mujeres jóvenes en un espacio público hostil Euskaraz emana: Kalea nirea al da? Boterea, beldurra eta neska gazteak ahalduntzeko estrategiak etsaitasunezko eremu publikoan. Emakundek diruz lagundutako lana da, eta genero ikuspegia kontuan hartuta, eremu publikoa neska eta mutil gazteek nola bizi eta erabiltzen duten aztertzen du. Generoak herriak, kaleak eta espazioak bizitzeko modua baldintzatzen du. Ikerketak beldurra zergatik sortzen den eta horrek emakumeek herria edo hiria bizitzerakoan zein ondorio dituen aztertu du. Beldurrak emakumeen aurkako indarkeria nola iraunarazten duen azaltzen du. Beldurrak generoa duela azpimarratzen du ikerketak. Neskentzat espazio publikoak etsai giro eta ziurgabetasun handiagoa du mutilentzat baino. Ondorio emozionalak eta askatasun mugatzeak askoz handiagoak dira emakumeentzat gizonentzat baino.

Otsailaren 5eko ARGIAn gurasoen ikuspegia lantzen duen erreportajea argitaratuko dugu, alegia, amek eta aitek nola lantzen duten espazio publikoa eta indarkeriaren gaia haien seme-alabekin.