argia.eus
INPRIMATU
Donostiako su artifizialen atzealdea: hondakinak itsasora
  • "ItsaSOS" aldarrikatzen duen udalaren hirian, familia batek kritikatu du Kontxako hondartzan su artifizialen hondakin andana topatu dutela itsasertzean, Donostiako Aste Nagusian.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko abuztuaren 31

Aitor Senar gasteiztarrak bidali dizkigu argazkiak, jaietan goiz-pasa familiarekin Kontxako hondartzara joan eta su artifizialei lotutako zaborra bertan barreiatuta aurkitu zutelako asaldatuta. Beraien eta batu ziren beste hainbat lagunen artean bildu behar izan zuten gaueko ikuskizunak utzitako kartoi, kable eta abarrak.

Senarrek ingurumenaren arloan egiten du lan eta esan digu Donostiara iritsi eta “ItsaSOS” kanpaina ikusi zuenean, gustatu egin zitzaiola, gizakiok ingurumenean dugun inpaktuaren inguruan sentsibilizatzeko, baina handik gutxira su artifizialen hondakinak hondartzan ikusteak amorratu zuen, "udalak martxan duen kanpainaren faltsukeriaz jabetuta, ‘itsasoa zaindu behar dugu’ esan eta norberak kutsatu, administrazioak eredu izan behar duenean".

Hondartzaz gozatzera hurbildu ziren hainbaten artean zaborra bildu eta sorosleei eman zieten abisua, jaso zezaten, FCCko bati ere esan zion Senarrek, "baina ez zen inor agertu zaborra jasotzera eta azkenean guk geuk eraman genuen dena edukiontzietara".

"Uste nuen su artifizialek ez zutela hondakin solidorik sortzen edo sortzen zena jaso egiten zela, baina hondakin pila ikusi genuen, eta horri gehitu behar zaio ikusi ez genuena itsasoak barrura eraman zuelako", dio gasteiztarrak penatuta. Administrazioari eta batez ere Donostiako Udalari eskaera luzatu dio: "Itsasoak garbi mantendu ditzala".