argia.eus
INPRIMATU
Donostiako San Bartolome muinoko merkatalgunearen eraikuntza salatu dute hainbat elkartek
  • Donostiako Udalak San Bartolome muinoan Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartu zuen urtarrilean; 200 plazako aparkaleku bat eta 8.040 metro koadroko merkataritza gunea eraikiko dira. Ustiapen pribatuko azpiegitura hori egiteak Donostiako bizilagunentzat, merkatarientzat eta bizigarritasunarentzat "oso eragin kaltegarriak" ekarriko dituela salatu dute, eta epaitegietara eramango dute.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko apirilaren 20a
Asteazkenean Donostian egindako prentsaurrekoa. Argazkia: Irutxuloko Hitza.

Dendartean Merkataritza Elkartea, Donostiako Merkatarien Elkartea, Erdian Bizi eta Amara Bai auzo elkarteak eta Donostia Defendatuz koordinadorak oharra argitaratu dute asteazkenean. Donostiako jasangarritasunaren aldeko irizpide batzuk oinarri hartuta, San Bartolome muinoan merkataritza gune bat eraikitzeko planaren eta dagokion aparkalekuaren aurka agertu dira.

Merkataritza gunea gauzatzeak hainbat eragin negatibo ekarriko dituela salatu dute. Batetik, lurra mugitzeko faserako soilik urtebeteko iraupena aurreikusten dela, eta milaka material tona xehatzeak kalteak eragingo dituela: "Zaratak, hautsak, kamioiak igarotzeak, kutsadura atmosferikoak, zikinkeriak eta gainerako eragozpenak eragiten dituzten kalteak oso handiak izango lirateke". Bestetik, salatu dute ez dagoela justifikatuta merkataritza gune gehiago sortzeko beharra: "Saltoki txikiak gutxitzen ari dira etengabe Donostian, eta hutsik dauden merkataritza etxabeak ugaritzen ari dira hiri osoan, salmenta edo alokairua iragartzen duten kartelekin".

Era berean, salatu dute zentro berriko aparkalekuak hiriko mugikortasunean eta kutsaduran eragin negatiboa izango lukeela, aparkalekuak gaur egun "nahiko prekarioa" den zentroaren mugikortasunari kalte egingo diola argudiatuta. Muinoaren hegala desnaturalizatuko dela ere esan dute, eraikin batzuen estalkiek ez dutelako utziko zuhaitzak landatzen.

Bestalde, Dendarteanek saltoki txikien hirigintza interesak defendatu ditu, eta elkarteak gaineratu du ez dagoela pozik Garberako multinazionalen interesen alde egitearekin. Orain, helegitea aurkeztu du EAEko Justizia Auzitegi Gorenean uste duelako onartutako Plan Berezia "erabat legez kanpokoa" dela.